Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2017-03-15

Martxoak 18

Martxoak 18

Martxoak 18Pasa da martxoaren 8a. Pasa ditugu ospakizunak, aldarriak, saio bereziak. Eta pasa gaitu betikoak. Atzera begiratuz gero, argi da bide luzea egin dela (edo bidea egin zaigu luze?).  Bertsoak adibide bezala hautatutako garai bateko gaiak entzun besterik ez dago jabetzeko; Antzuolan, 1975. urtean saio bakarrean jarritako lau perla, zein baino zein. Bat hautatzearren, honakoa: “Emakumeak gogor ari zaizkigu beren eskubideen alde; eta beharkizunak, obligazioak?”.

Ez dut saio hura aurkitu sarean, jakingo nuke gustura bertsolariek zer abestu zuten. Zorionez, garaiekin batera aldatu dira gaiak. Egañak behin abestu moduan, “orduan gaitzat hartzen genitun/ ta orain eurak gai dira”. Lehen emakumeak gai bihurtzen ziren eta orain, emakumeenak omen diren gaiak jartzen dira eta emakumeek abesten diete normalean. Eta hemen daukagu oraindik lana … zer da emakumeen gaia? Depilazioa? Zaintza? Haurrak? Eraso sexistak? Horrela zerrendatuta argi ikusten dugu baina gero, saioz saio, dosi txikitan oharkabean pasatzen zaizkigu.

Gogoan dut, behin, nola egokitu zitzaidan ofiziotan gizonezko batekin erditze uneaz abestea. Gaiaren tonuagatik, umoretik aritu ginen baina estereotipoek elikatuta, pelikuletako parodietatik ezin askorik urrundu. Emaitzarekin oso pozik ez eta amaitzean komentario pare bat gurutzatu genituen; hala aipatu zuen: “horrelakoetan zuek errazago izaten duzue”. Aulkian eseri eta pentsatzen aritu nintzen ZUEK zer ote zen. Ea zergatik nuen nik, sekula erditu ez den eta erditu den gertuko inoren esperientziarik ez duen batek errazago; aipatzeko modukoa da, hori esan zuena bi umeren aita zela. Alegia, nahi izan balu, edukiko zuela esperientziaren berri.

Oraindik geratzen zaigu bidea eta bertsolariek beste eragin dezakete horretan gai-jartzaileek. Hain zuzen, horrelako detaile askorekin ohartzeko, gure gaiak zein diren hautatzeko, gai garela ulertzeko … larunbatean, martxoaren 18an daukat hitzordu preziatua: Ahalduntze bertso eskola. Emakume bakoitza mundu bat delako, ahots propio bat duelako eta gaitzat hartu zirenak gai diren honetan, izan daitezkeelako guai edo gay ere nahi badute. 1975. urtean eskubideen alde “gogor” ari zirenek eta guk beharkizun berdinak konpartitzen ditugulako.

Eta ez daude GURE gaiei lotuta, gure eskubideei lotuta baizik.

Martxoak 18