Onintza Enbeita
Onintza Enbeita

2024-06-26

Markatutako marrak

Jendea harritu egiten da kontatzen dudanean, baina duela ez hainbeste urte gertatu zitzaigun.

Markatutako marrak –

Hiru neska ginen bertsotan, eta gu kantuan hasi ginenean jendeak tabernara ihes egin zigun. Urtero jaietako bertso-saioaren zain egoten den jendea tabernara joan zen. Itxaron egin zuten gu hasi arte, eta “ume-ahotsa” geneukala esan ziguten. Aukerarik eman gabe alde egin zuten. Eta mutil batekin kantatzen nuen aldiro esaten zidaten, ondo ari nintzela, baina oraindik falta zitzaidala haren mailan egoteko “zerbait”. Hori entzun nuen nire adin inguruko mutil gehienekin kantatu izan nuen aldiren batean: zenbat barre egiten zuten haiekin, zer izan zitekeen falta zitzaidan gutxi-gutxi hori… orain hasten zara pentsatzen eta pena ematen dizute zerbait ulertuko balute bezala hitz egiten zizuten gizon gizarajo haiek guztiek. Eta konturatzen zara arazoa ez zela besteekin barre gehiago egiten zutela edo gure ahotsa ahula zela: arazoa zen guk kantatzen genuena ez zitzaiela interesatzen, ez zutela entzun nahi. Bertsolaritzaren gaiak batzuk ziren, rolak ezagunak ziren, onak eta txarrak ondo bereiztuta zeuden eta kito. Zertara gentozen gu arauak aldatzera? Nor ginen gu, emakumeok, haiena zen gauza batean ekarpenak egiteko?

Orduan gurekin gizon askok kantatzen zuten. Hobeto esanda, orduan gu ginen batez ere gizonekin kantatzen genuenak: haien festara gonbidatuak. Bazeuden joko-arau batzuk eta haietan kabitzea zen asuntoa. Marretatik ateratzen bazinen entzungo zenuen edo jasango zenuen. Harlauza haren mugetan hasi ginen bertsotan hain dibertigarriak eta unibertsalak omen ziren gaiei buruz. Zer esanik ez, gure gaiak guretzat gordetzen genituen. Seguruenetik mundu objektibo batean erabiltzen genituenak baino unibertsalagoak izango ziren erabili nahi genituenak, baina zeuden gaietara egokitzen ikasi genuen. Kontua da, orduan batez ere gizonekin kantatzen genuela, eta esango nuke gizon haietako gutxi konturatu zirela guk esan nahi genuenaz. Ez da orokortzearren, baina neure belaunaldiarekin bizitakoak zapore hori utzi dit. Guk esan gabe, denborarekin gauzak aldatzen saiatu gabe, oso gutxik igarriko zuten beste zerbait zela esaten ari ginena, beste kontu batzuez aritu nahi genuela. Orduan ere bazeuden markatutako marrak, eta guztiok ez ginen haien barruan kabitzen.

Gure bertsolari bizitza kaligrafiako koadernoan hasi zen. Marra biren bitartean idatzi behar izan genuen luzaro. Atera gabe: garbi, ahal dela. Neskoi idazkera garbia suposatzen zitzaigun. Gure buruaren kontrako txisteak egiten genituen, gure buruari min egitea naturalizatu genuen, ginena erdi-ukatuz eta izan nahi genuena erdi-erakutsiz kantatzen genuen. Han beti, marra bien barrutik atera gabe. Eta ateratzen hasi ginenean ere astiro! Ez dadila norbera izan ateratzen den bakarra.

Orain beste batzuk omen dira marra artean idaztera derrigortuta daudenak. Azkenaldian hori esan didate hainbat lagun gizonek. Minduta bezala daude. Pentsatzen dute, antza, guk bai esaten dugula nahi duguna. Guk esan nahi dugun gauzarik errelebanteena “gora Euskal Herria feminista”, izango balitz bezala. Publikoa aldatu egin da, gaiak aldatu egin dira, bertsolariak aldatu egin dira, bai, baina orain ere publikoaren aurrean ondo geratu behar ez dugunean, grabagailuak ateratzeko modukoak gara. Jakina, ez da gauza berdina zarena izatea ukatzen dizuten marren artean kantatu behar izatea, edo beste batzuek nahi dutena libre izatea erabaki dutelako norbera deseroso sentitzea orain arte inork markatu ez dizkion marra gorrien mugan. Oraindik ere bertsotan gauza asko daude esan gabe, eta jakina, neu ere nire espazio segurutik mugiarazi naute belaunaldi berriek: zorionez! Pribilejioak galtzea, norbere espazio erosotik ateratzea, entzutea eta ikastea gauza ederrak dira.

Markatutako marrak
Arg: BiancaVanDijk
Markatutako marrak  Markatutako marrak