Enare Muniategi
Enare Muniategi

2018-11-30

Maite (zaitut)

Maite (zaitut) –

Nork bere burua ez dagokion lekuan ikusi behar izaten du sarri, lehenengoz norbait edo zerbaitekin aurrez aurre topo egiterakoan ez da erreza zer egin (edo zer egin beharko genukeen) erabakitzea. Lehenengo aldi ugari izaten ditugu bizitzan, batzuk goxoak, besteak ez hainbeste. Lehenengo aldi ez diren aldi asko ere ez dira errazak izaten, deserosoak izan ohi dira, galduta egon ohi gara, zer aurpegi jarri, zer esan, nora begiratu, nola jokatu,… ez dugu jakiten. Hala ere, ahal bezala erantzuten dugu, eta gure esku dagoena egin ohi dugu egoera hauetatik bizirik irteteko, eta epe luzerako kontua izanez gero, bizirauteko. Esate baterako, unibertsitateko lehenengo eguna, lehenengo musua, hiletak, gure amaginarreba ezagutzeko eguna, udalekutako gauak, plazan bertsotan, partida bat jolasterakoan, gure lehenengo lana, edo laneko egun guztiak.

Eta horrela aurkeztu nintzen nire lanean lehengoz, neure burua lekuz kanpo ikusten nuen, eta ziurtasun osoz nekien oraindik ez zitzaidala tokatzen horrelakoetan egotea (ustez ez nuelako beharbesteko heldutasunik ez jakinduriarik); eta horrela joaten nintzen astero nire umeengana, ni baino hiru urte gazteagoak baino ez diren umeengana. Baina, neure buruaren eta neure aurreiritzien kontra atzeraka jausteko moduko kolpea hartu ostean konturatu nintzen ez zela horrela, bazen (eta bada) nire lekua, adinak ez du ardura eta jakinduriaren arazotxoa haiekin batera joan nintzen konpontzen eta eraikitzen.

Maite (zaitut)Hau horrela, ume horietako askok beste bide bat hartu dute, zainetan odola izan beharrean artea eta sormena duten gazteak abeslari, bihurri, idazle, parrandazale, margolari… bihurtu dira. Beste bat, ostera, hemen dago, bertsoa bide eta bidelagun duelarik. MAITE du bertsoa, lagunartean gozatzea MAITE du; eta nik, MAITE dut bere lorpenak neure sentitzea, hazten ikustea MAITE dut, berarekin kafea hartzea MAITE dut, berarekin hausnartzea MAITE dut, egoera berri eta deserosoetan neure alboan izatea MAITE dut.

Laburbilduz, MAITE zaitut.

maite (zaitut)