2020-10-08
Mafalda
Mafalda-
Doinua: Behin batean Loiolan
1.Hil berria den Quino-k
Lan zoragarriak,
Mafaldak ase ditu
Nire egarriak.
Hemen aurkezten ditut,
Adi belarriak,
Bere esaldi batzik
Bertsotan jarriak (bis).
2.Zerbait ulertzen dugu,
Baina guztia ez,
Ideia hau ez al da
Guretzat lanabes.
Pentsa ondo, bizitza
Ederra da berez,
Eder eta erraza
Ez nahastu mesedez (bis).
3.Munduak duen martxa
Kontuan hartua,
Esplikatu liteke
Gure bekatua.
Jende gehiago dago,
Nolako kontua,
Interesgarri baino
Interesatua (bis).
4. Itsuturik gabiltza
Bizitzan barrena,
Eta bihurtzen zaigu
Nahasgarri dena.
Estaltzen baitigute,
Zer nolako pena,
Premiazko kontuek
Garrantzitsuena (bis).
5. Tira hau irakurriz
Nola disimula,
Sarritan barretxoa
Irteten zaigula.
Pertsonen familian
Den puntu ahula,
Dugu guztiok aita
Izan nahi dugula (bis).
6. Zahartua ote naiz,
Pentsatzen naiz hasi,
Esaldi hau ezin da
Bazterrean utzi.
Bizitza modernoak
Zerorrek ikusi,
Modernotik asko du
Bizitzatik gutxi (bis).
7. Ez ote dugu hobe
Egonda isilik?
Gure aho barrutik
Ez bota misilik.
Behin esan zuen eta
Hala uste dut nik,
Buru itxiek dute
Ahoa zabalik (bis).
8. Mundua amesten du
Eder eta aske,
Bihotza dauka berriz
Justizia eske.
Ez goaz oso ondo,
Halaxe dut uste,
Ume baten galderek
Biluzten gaituzte (bis).