2024-03-20
Logela bat
1165 euro + bills ordaintzen ari gara bikotea eta biok logela baten hilabeteko alokairua Irlandan. En suite bedroom da gutxienez; komun propioa duena, alegia. Kolonbian, berriz, 600.000 COP ordaintzen nuen hilabetero logelaren alokairua; 300 euro, gutxi gorabehera. Ordura arte, ordea, ez nuen ezer ordaindu izan anaiarekin konpartitzen nuen logelagatik.
Logela bat –
Gurasoekin bizi beharra nahikoa ordain badela esango dute askok; azalpenak eman beharra, askatasun eza, botere harreman baten baitan bizitzea… Tira-birak tira-bira, nik ez dut horrela bizi izan, baina tira, bakoitzak jakingo du bere etxeko berri.
Beste askok, berriz, hogeita sei urtera arte gurasoenean bizitzea eroso bizitzea dela pentsatuko dute; arropa zikinak erantzi eta garbiak janztea. Norberak prestatu ez duen otordua jan ondoren harrikoa besteek egitea. Hautsik kendu beharrik ez izatea… Hori ere ez dut horrela bizi izan nik, baina tira…
Lehen atzerakoia iruditzen zitzaidan gurasoen etxean luzaro bizitzea. Progresista eta aldarrikatzailea lotura horretatik askatu eta gazte-gaztetatik norbere kabuz bizitzera joatea. Badakizu, fakturak ordaintzeko zenbat lan egin behar den ikusi eta bakarrik egonez norbere burua ezagutzeko. Maitaleak nora gonbidatu izateko. Noiznahi nonahitik lasai erretiratzeko. Eta abar luze bat.
Orain, ordea, ez nago seguru alde egitea edota bertan geratzea den aurrerakoiagoa. Hiru pertsona bizi diren lekuan lau bizitzea, nire kasuan bezala, edota lau bizi daitezkeen etxean, aita eta ama bakarrik utzi, eta norberarentzat beste espazio bat bilatzea. Laurentzat bat edo laurentzat hiru; kapitalismoak etxe guztietan jotzen du aldaba, nahiz eta guk hori ikusi nahi ez izan, ahal bada.
Norbere burua ezagutzeko ere ez dakit ez ote den hobea gurasoen etxea; egongela konpartitzea, belaunaldien arteko talka presentea, bolumen ozenegian dagoen telebista, Youtube nola erabili egunero azaldu beharra… Norbere mundua ez dakit, baina norbere mugak erraz deskubritu daitezke han.
Nik oraindik ere gustura bisitatzen dut gurasoen etxea. Ez dut lehen bezain nire sentitzen, baina segituan azaleratzen da lehengo nia bertan nagoenean; mahai bueltan ezer gutxigatik pazientzia galtzen zuena, zenbait azalpen eman nahi izaten ez zituena, telebista edo ordenagailua konpartitu beharrak gogaitzen zuena…
Eta nik ere alde egin dut handik horretarako aukera izan dudanean, gehienok bezala. Eta saiatu naiz nire unean uneko bulkadak eta ibilerak inorekin negoziatu beharrik izan gabe burutzea. Errazago bizi naiz gaur gaurkoz gurasoenetik kanpora. Erosoago. Zergatik gezurra esan?
Aurrerakoia izan ote naiz handik alde eginez? Ez nago seguru. Eta are gutxiago alokairua hiru etxeren jabe den bikote bati ordainduz. Eta kontsumoa bikoiztuz. Eta uneoro nahi dudan horri nire aukeren barruan erantzun bat emanez, azalpenik eman beharrik ez dudanez…
Hurrengo pausua etxe bat erostea izango dela uste dut. Hipotekatuta, noski. Eta bikotearekin. Orduan, jabetzaren inguruko teoria eta kezka eta kritikak izango ditut nire baitan. Bankuarekin ezkondu eta ordura arteko bizimodu librea hipotekatu beharra. Kalkulatuko dut interes tasa eta zenbat diru gastatu dudan alokairuetan eta orekan jarriko ditut gurasoen etxeko bestelako faktura haiek…
Baina, zer egingo zaio ba? Etxe guztiek dute gutxienez leiho bat iparralderantz.