2017-06-11
Lidergotza ideologikoak
Lidergotza ideologikoak
Goiena telebistak Kulturrizketak saioan jarri zituen aurrez aurre, duela gutxi, Igor Elortza eta Unai Iturriaga. Beste zenbait gauzaren artean, bertsotarako akaso inoizko garairik interesgarriena dela zioten biek ala biek, besteak beste, “gure gaiak” (gai politikoak) eta hainbat gai potolo difuminatzen ari direlako. Ez diote hala zehatz-mehatz baina elkarrizketa zati horretatik uler daiteke, lidergotza ideologikoak lausotuta dauzkagula.
Duela astebete, blog honetan bertan, Jon Martinen “Fede begiak” izenburupeko bertso bikain bat irakurri nuen, “norbera gara baina / ez gara norbere” esanez amaitzen zena (bertsoa goitik behera da irakurtzekoa). Eta Igor eta Unairen elkarrizketako zatitxo horrekin akordatu nintzen.
Izan ere, existitzen al da pentsamendu propio eta librea? Gaia edozein dela ere −Euskal Herriko egoera politikoa, mundu mailakoa, ezberdintasun sozialak, genero-zapalkuntza, hizkuntza gutxituak, kultura gutxietsiak−… Iritzi kritiko [sic] bat plazaratzen dugun aldiro, ez al du hor nonbait bere guru ideologikoren bat iritzi horrek? Inor has al liteke bere iritzia hutsetik eraikitzen?
Euskal Herriko egoera politikoan bizi dugun inflexio puntu hau izan liteke iritzia hutsetik eraikitzearen antzik handiena izan dezakeen aukera. Horregatik dira interesgarriak bertsotarako datozen hilabeteak.
Bide batez, zein interesgarria litzatekeen urtebetean informazio-iturrietatik aldenduta bizi eta horren ondoren bertsotan egingo lukeen bertsolari talde bat…