2018-01-02
Letra larriz
Letra larriz –
Ni neu larritu egiten naiz gauzak letra larriz idatzita ikusten ditudanean. Oihuka ditudala sentitzen dut eta horrek estura sortzen dit. Ezin daiteke gauza behera esan baina letra xehez? Zaratarik egin gabe? Bada, ez. Ezin daiteke. Izan ere, maiuskulaz idazten dugunean ez da zerbait oihuka esateko bakarrik, zerbait edo norbait inportantea dela adierazteko erabili daiteke letra larria. Baina, ez dut uste edozer idatzi daitekeenik letra larriz benetan izan behar du inportantea horrelako titulua, ohorea, aukera,… irabazteko. Eta nork erabakitzen du zer idatzi daiteken letra larriz eta zer ez? Momentu honetan nik neuk.
Kaleetan GABONAK direla argi ikusi daiteke, horrenbeste argi ikusita ez da zaila asmatzen, eta jendetza dendetatik sartu eta irten, poltsa gehiagorekin eta diru gutxiagorekin. Dendetako eskaparateetan nire amumak betaurrekorik gabe ikusteko besteko letrak: GABONAK! Horrenbeste aldiz ikusi ondoren gabonak maiuskulaz idatzita erabaki dut ez dudala hitz hori letra larriz gehiagotan idatziko. Jada larritu naiz horrenbeste turroi eta polboroirekin.
Gabonetako oporrek, ordea, badute gauza on bat. FAMILIA guztia mahai inguruan bilduta ikusteko aukera. Ez daudenak oroitu, kanpoan egon direnei ondo etorria eman, karta-jokoa bazkalostean,… FAMILIA giroa itzela da. Eta zer esanik ez, FAMILIArekin jan aurretik LAGUNAK tabernan ikustea, bazkalaurreko poteorik gabe zer lirateke oporrok? Hauek, gabonak ez bezala, letra larriz idazteko hitzak dira.
Natibidade egunez, bazkaltzen egon ginenean TXAPELKETAren inguruan galdetu zidan izeko batek. Zelan joan da TXAPELKETA? Aurrera eta atzera ibiliko zinen, ezta? Ondo pasatu duzu, ezta? Ez du idatzi baina badakit bere buruan TXAPELKETA NAGUSIA horrela ikusten duela idatzita. Eta nire buruan, ordea, hau ikusi nuen: BERTSOA. Bertsoa izan daiteke txapelketarik gabe, baina, txapelketa bertsorik gabe? Maialen, Amets, Miren, Oihana, Aitor, Sustrai eta txapelketako eskaparatean ikusi ditugun beste bertsolari guztiak badira bertsolari txapelketarik gabe, baina, txapelketa bertsolaririk gabe? Hau horrela, esan daiteke TXAPELKETA NAGUSIA letra larriz idatzi nahi izanez gero, letra larriz idatzi behar ditugula bertsolari guztien izenak, bertsoa bera, antolatzaile, epaile, gai-jartzaileen izenak, petodun guztien eta publikotik txalo egin duten guztien izenak.
Ah, eta ez ahaztu, FAMILIA eta LAGUNA hitzak ere letra larriz idatzi behar dira.