2019-11-12
Lehia
Lehia –
Doinua: habanera (edozein)
Kazetariak hurbiltzen
zaizkigu mikroa gora:
“Ze helbururekin egun
etorri zara bertsora?”
“Ahal bada gozatzera,
ongi pasatuz denbora,
Egon nahi dut bestekin
edo nerekin gustora.”
Baina gure hitz politek
poesi ta metafora
Ezin digute atera
konkurentzia kanpora.
Itxuren antzezlanean
kontraesana da moda,
Nehoiz ez dago lehiarik
baina lehia beti hor da.
Ze kriterioen bidez
epai daiteke nibela?
Gipuzkoan, Miribillan,
edo Barakaldon gela:
Txapelketak bete dira
Disney parkeak bezela,
Giro informala berez
izan daiteke itzela:
Baina egun “normaletan”
plaza hutsa da, goibela.
Lehiaketaren estresa,
puntuazio epela,
Gure arteko lehia,
nor gehiagoka krudela:
Kasik sinetsiko nuke
publikoak nahi duela.
Sistema honek lehia
inposatzen digu noiznahi,
Etengabe sailkatuaz
gure izen, gure dohai.
Sare sozialen bidez,
txio batez zenbat epai,
Komunikabideetan,
bertso munduan ere bai.
Bertsoa merkatu bat da,
bere mercatoaren zai,
A, B, Cka konparatzen
ohitu gaituzte orai.
Imaginatu mundu bat,
non ikusteko garen gai:
Gure ondokoa lagun,
gure gainekoa etsai.
Lehiaren aurka zer egin?
Nik pentsatu nahi nuke
osotasun bat garela,
dugula mila bertute.
Zaintzarekin begiratuz,
elkartasunez entzute,
Kolektiboa martxan da
bakarkakoaren truke.
Indibidualismoa
inposatua digute,
Horrela baita sistema,
horrela nahi baitute.
Kapitalismoa bada
lehia honen arkupe,
Sistema hau suntsitzeko
lehiatu behar genuke.