2021-01-14
Lehen eta orain
Doinua: Bizia ez da nehoiz egoiten
Maitasunean, lanean edo
Nahi duzuen alorrean,
Une batzutan azpian gaude,
Besteetan tontorrean.
Zenbait kasutan borondatean,
Askotan derrigorrean,
Milaka kontu izaten dira,
Sarri modu gogorrean,
Ezin asmatu zer sortuko den
Gure bidezidorrean.
Denda txiki bat genuen lehen,
Kalean ginen indartsu,
Interneteko salmentek baina,
Pentsa zenbat enbarazu.
Nahiz eta gogor jarraitzen dudan
“Torizu eta ekatzu”,
Autonomoa nintzen aurretik,
Orain autonomo faltsu,
Amazonentzat derrigorrezko
Partitzaile fin naukazu.
Ekuadorreko herri batean
Munduratua izaki,
Guztia utziz Europarako
Jauzia nik erabaki.
Aitona Joxe zaintzen nuen nik,
Hiltzean guztia gaizki,
Orain etxetan ez naute hartzen
Birus zahar baten aitzaki,
Nire gorputza salduz bizi naiz,
Ai gure Amak baleki!
Esku leuna dudanez berez,
Patriketan arrantzale,
Beti izan naiz jende multzoen
Eta pilaketen zale.
Distantziaren kontu honekin
Guztiak egin dit kale,
Nahiz batzuetan bakar bat ostu,
Nire senaren seinale,
Garai hobeak iritsi arte
Metroan nago eskale.
Taberna baten jabea nintzen,
Festazale borrokatu,
Kokainaren bidean sartu
Eta kalean bukatu.
Orain zaborrak bilduz gauean,
Egia zertan ukatu,
Ustekabean mundu honetan
Nire tokia topatu,
Nire moduko zaborrak ezin
zuen hobeto asmatu.
Askotan amets egiten dugu
Ume txikien modura,
Gauza handiek eta politek
Sortzen digute lilura.
Ustekabean aldatzen zaigu
Bizitzaren abentura,
Besteak errez epaitu gabe,
Albora utziz tristura
Umore onez hartu dezagun
Parean datorren hura.