2018-11-05
Landen lurrinak zeharkatuz
Landen lurrinak zeharkatuz –
Hosto laranjak, belar busti usaina, goizetako freskura,… Udazken kolorez jantzi da gure ingurura, eta hemen, udazkena usaindu egin daiteke; usaindu, entzun, ukitu eta ikusi. Urtaroak berezko dituen gauza txikiek egiten dute udazkena handi. Bizkaiko Txapelketa ez da naturak sortua, baina, naturaltasunez hurbildu ohi gara saioetara, naturaltasunez gozatzen dugu entzuleok eta naturaltasunez sentitzen dute bertsolariek urduritasuna, beldurra, poza eta gozamena. Natural egiten dugu txalo eta natural abesten dugu, badirudi berezkoa duela udazkenak bertsoa, edota bertsoak udazkena.
Txapelketako arbolek, hostoek, izan adarretakoak edo lurrera eroritakoak, zuhaitzen sustraiek, enborrek edo hazten ari diren zuhaixka txikiek,… denek osatzen dute paraje ederra. Hosto batzuk horixkak dira, beste batzuk gorriak, beste asko laranjak, hainbat hosto berde ere soma daitezke lantzean behin. Udazkeneko egun batzuk euritsuak izan ohi dira eta beste egun batzuk eguzkitsuak, eta biak batzen diren zorioneko egunetan ostadarra etorri ohi da bisitan.
Udazkeneko igandeak paseoan joateko egunak izan ohi dira askotan, izan eguzkitsu edo euritsuak. Eta perretxiko artean norbere pentsamenduetan murgildu ohi da norbera, “zer kantatuko nuke gaia hau balitz?” “Zer esango luke pertsonaia honek?”, “Doinu hau ala bestea?”, “Aurreko saioan erratu egin nintzen hobe honetan hankarik ez sartu.”, “Agurra hamarreko handian igual”. Udazkeneko usaina ahazten dugu, inguratzen gaituzten koloreak ez ditugu ikusten, ez dugu belarra oinutsik zapaltzen.
Gehiegi pentsatzearren geratzen zaigu hau, udazkenak, bertsoak eta bizitzak berezko ezaugarri dute gehiegi pentsatzea.