Onintza Enbeita
Onintza Enbeita

2024-10-16

Lagunak

Lagunak –

Lagunak
Arg: BERRIA

Beste kultur adierazpenetan ez bezala, bertsolariok hartu-eman zuzena daukagu entzuleekin. Guk ez dugu kontzertu amaieran backstagera salto egiten: jendea eserita egon den lekura jaisten gara saio ona zein txarra egin. Inoiz damutu naiz hala egiteaz. Ez dizuet gezurrik esango. Badago beti iruzkin desegokiak egiten dituen jendea, edo beti iruzkinen bat egin behar duena; baita egokia ez denean ere. Halakoetan, batez ere aste txar baten amaieran bada, amorratu egiten zara. Edo tristatu. Edo besterik gabe, energia xurgatu egin dizutela sentitzen duzu. Ez da beti horrela, ordea. Badira entzuleekin hitz egiteak poza ematen dizun egunak, eta ez bakarrik zein ona zaren esan dizutelako. Bestelako gauzak ere esaten ditu jendeak, eta askotan gauza atseginak dira, edo elkarrizketa atseginetara iristeko aitzakiak izaten dira. Egin ditut lagunak bertso saio batetik bestera jarraitu gaituen jendearen artean. Haien herrian saioa antolatu eta haiekin egon, gero ondoko herrira entzutera etorri, haragoko herri batean tragoa hartu, eta horrela urteetan zehar, egun batean beste aitzakia bat asmatu eta garagardo bat hartzen duzunera arte. Beti ez dira lagunak sortzen halakoetan, baina sortzen direnean ederra da. Bertsolaritzaren gogorrena eta ederrena da, bertsolariok jendearekin dugun tratu zuzena da.

Gogorrena da askotan esfortzua eskatzen duelako ezagutzen ez duzun jendearekin egoteak. Norbera ez badago bere onenean, joan egin behar du halako lekuetara, penak entzuteko prest izan dituen lagunak betiko tabernako terrazan utzita. Jakina, ez dizkiozu ezezagun bati penak kontatuko! Orduan, bestelako gaiak bilatu behar dituzu eta atera eta eman eta hartu eta jakin eta esan eta ez jakin eta besteei entzun eta iraun han zure barru hautsiarekin eta gorde han zure euforia eta gozatu edo gozatzen saiatu.

Ederrena da askotan lan hori guztia ez delako kostatzen, errez egiten delako, eta jende zoragarriarengana eramaten gaituelako gure lanak. Zenbat aldiz pentsatu dudan Urlia edo Sendia gure ondoko herrian bizi balitz lagun banaezinak izango ginatekeela. Esertzen zara gaur arte arrotza zitzaizun lekuan, gaur arte ezagutzen ez zenuen jendearekin eta ura bere bidean hasten da behartu gabe. Hitz egiten duzu honetaz eta hartaz eta lasai hitz egin dezakezula sentitzen duzu. Eskertzen diozu jendeari harrera ona, eta jendeak bueltan eskerrak ematen dizkizu hain hurbilekoa izatearren.

Eta orduan pentsatzen dut gogorra ahaztu egin behar dela eta bai: guk zalantzarik gabe jarraitu behar dugula kontzertu amaieran jendea dagoen lekura hurbiltzen. Jendearekin lasai egon eta norberak egun onik izan ez duenean hura ere onartu. Mundua ez baita egun bakarrean hasten ez amaitzen.

Hala esan zigun behin mendiolar batek. Abadiñoko Mendiola auzoan kantatu genuen bertsolari bik, eta nire kideak sentsazio txarrarekin amaitu zuen saioa. Larri zegoen asmatu nahi eta asmatu ezinean ibili zelako. Bere inpresioa gaindimentsionatua zegoen. Benetan ez zen hain gaizki ibili, baina saioa amaitu zenean barra ondoan cagüendios bat baino gehiago joan ziren. Lasaitzeko esaten nion nik, ez hartzeko bere burua hain estu. Bertako bat etorri zitzaigun zoriontzera eta gure lagun honek, berak ez zuela zorionik merezi esan zion. Saio txarra egin duela. Haserretu egin zitzaion entzulea: “Aizu, ez zure buruari halakorik egin! Nik gaur egun txarra izan banu, etxean geratuko nintzatekeen etorri gabe, baina zuk ezin duzu hori egin. Orduan, edo uzten diogu egun txarra duenari etxean gelditzen edo onartzen ditugu egun txarrak eta onak!”.

Sekulako erantzuna iruditu zaitzaidan. Entzuleek zenbat merezi duten ahazten zaidanero, halako lagunez akordatzen naiz.

Lagunak  Lagunak