2024-12-27
Lagun minak
Lagun minak –
Doinua: Atmosferatik atera eta
Nire lagunik miñena daukat
konfidenteetan onena
Nahiz talka egiten dugun askotan
beti hor izaten dena
Nahiko nuke lagundu nazan
kentzen karga hauxe dena
Hustua diot barrena
Ez da lehen ez azkena
Esan dit ezin didala hontan
lagundu nahiz eman pena
Onartzen zaila badugu ere
mina da norberarena
Oraindik nabil barrenak hustuz
gelditzeko lasaiago
Baina segidan moztu nau eta
ez du hitz egin luzaro
Esan didanak gutxietsi du
nire min dena zeharo
“Lasai zaitez segur nago
bada norbait okerrago”
Aizu laguna hori esateko
deus esatea nahiago
Hori esanda nire min dena
soilik emendatzen dago
Esaldi batek nola zapuztu
dezakeen arras giroa
Jada ahaztu dut lehen haserrea
galdua baitut ildoa
Lagun minak hor eragindako
mina ez zait igaroa
Barkamen zain hortxe noa
Luzatu zait esperoa
Denbora pasaz nire haserrea
datorren bezala doa
Baina nahiz eta erraz barkatu
ahazten zait zailagoa
Gure akatsak onartze horrek
dakar horrenbeste mina
Gure burua zuritzearen
dugu guztiok egina
Maite ez dugun bera garela
ezin dugu imajina
“Ez nahiz harroa jakina!”
“Nola izango naiz berdina?”
Gutxi egiten dugu barnera
so egiteko ahalegina
Zugan ikusten dudan akatsa
dut nigan ikusezina