Haritz Mujika
Haritz Mujika

2024-09-02

Lagun-lagunak

Laster zabalduko da bertso-eskoletako matrikulazio kanpaina. Ez da faltako motibazio saiorik, panfletorik eta izen-emate orririk; Zure asmoa ondo pasatzea bada / Ausartu eta zatoz bertso eskolara!

Lagun-lagunak –

Lagun-lagunak

Ez gara umeentzako bertso saio gutxi eginak; hamaika ikastetxetako ehundaka ikasgelatan aritu izan gara kantuan; Zu ikasle bihurria zara eta zu berriz, irakasle zorrotza. Gaur ikasle bihurriak mugikorra kendu dio irakasle zorrotzari eta bere txutxu-mutxu guztien berri izan du. Milaka lagun ezkutu nor ziren asmatu dugu eta Nor da nor jolasean ere aritu izan gara askotan; Ile luzea al du hautatu duzunak? / Gaur mototsa batean bildu du lagunak…

Urte luzez aritu gara bertso-eskola taldeak sortu, antolatu, kudeatu eta haietan irakasle moduan lanean: umeekin, gaztetxoekin, gazteekin, helduekin… Urte batzuetan besteetan baino arrakasta gehiagoz, baina sekula ez arrastaka. Egiari zor ordea, ez da erraza gaur egun futbola, ingelesa, informatika, esku pilota, gimnasia erritmikoa eta dantzaren artean bertso eskolari tarte bat egitea.

Nik, ordea, beti eskaini nahi izaten diet tartea bertso-eskolako lagunei Euskal Herrira bisitan noanean. Lagun-lagunak ditut. Indarberritu eta hauspotzen nauten pertsonak dira. Entzuten dakitenak eta esaten asmatzen dutenak. Bidelagunak.

Hala izan zen azkena Euskal Herrira egindako bisitan ere; mendian elkartu ginen orduan; bidezidorrean lehenik, mahai bueltan ondoren. Ibili ginen bidezidorrean, egin genuen bidea mahai bueltan eta bete-beteta itzuli ginen, motxila erdi-hutsik genuela bizkarrean.

Bederatzi urterekin hasi nintzen ni bertso eskolan. Ume-umetan baina ez ume-umeekin. Beti izan nituen lagun zaharragoak inguruan; nik bederatzi urte nituenerako lehen muxuaz hizketan ari zirenak eta nik lehen muxua eman nuenerako zigarroari lehen kalada eman ziotenak. Gogoan dut miresmenez entzuten nituela bertsotan eta irrika betez hizketan, beraiek bezalakoa izateko desioz. Eta batez ere, beraiek nirekin harremana izateko moduak liluratzen ninduen; taldeko egiten ninduten gazteena izan arren; kontatzen zizkidaten euren ikasketetako gorabeherak eta euren maite kontuak. Pozak eta penak. Eta ohartzerako, lagun-lagun egin ginen.

Geroxeago, kotxez eraman eta ekarri ninduten nonahitik eta euren denbora eskaini zidaten txapelketa atarietan. Jaso nituen aholkuak eta loreak. Esan zizkidaten egiak eta ulertarazi zizkidaten esan ezin zirenak. Eta ohartzerako, ni nintzen kotxez euren bila joaten nintzena batera edo bestera joateko.

Nire historia den hau bertso-eskoletan ibilitako beste hamaika haur eta gazterena ere izango da seguru. Beste inon euren lekua topatu ez eta ura kokotzean zuten garaian euren arroka izan zen bertso-eskola topatu zutenena. Edota ura belaun parean soilik izan arren, bestelako ur batzuk probatu nahi izan dituzten ehundaka gazterena. Izan ere, denentzako lekua dago bertso-eskolan.

Ez nuke artikulu honek ezkutuko publizitate kanpaina baten itxura izaterik nahi. Ez da inor konbentzitzea nire asmoa, neure esperientzia kontatzea baizik. Baina kasu batean, zuen inguruko haur edo neraberen bat bertso eskolara apuntatu edo ez pentsatzen ari bada, emaiozue horretarako bultzada. Ez erabakiarazi futbolaren edota bertso-eskolaren artean. Ez erabaki beraien partez bata edo bestea. Utzi probatzen. Joan daitezela eta ezagutu dezatela bertso-eskola eta egin dezatela topo hango jendearekin. Lagun-lagunak izan ditzakete noizbait.

Euskal Herriko bertso eskolak

Lagun-lagunak