Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2023-03-17

Kutsadura akustikoa

Kutsadura akustikoa –

Usainak eta kiratsak dauden bezala, badira hotsak eta badira zaratak. Badira ahotsak, zaratak direnak edo bilaka daitezkeenak. Deitu azantza, deitu harrabotsa, deitu zarraparra, deitu herotsa … Belarrira min diren hotsak deseroso, desatsegin, eta sor zaizkigu. Gertatzen da, hots bat eta berbera atsegin izatea une egokian eta jasanezin une desegokian.

Kutsadura akustikoaren definizioak 50 dezibelean jartzen du muga, baina ez da berdin herriko festetan su artifizialek eragindako burrunba, estadio batean garaipena ospatzen duguneko garrasi kolektiboa, gure abesti gogokoena zuzenean kontzertu batean edo haur baten negarra autobuseko ondoko aulkian. Zarata bera, guk hautatua den eta gustukoa zaigun edo ez, izango da harrabots jasanezin edo soinu banda egoki.

Baina bolumena ez baita dena, entzumen selektiboa aplikatzen dugu eta hots sotilena ere eragozpen bilaka dakiguke desio ez dugunean: moskito baten hegaldia gauerdian, xuxurla edo krispeten kurruska zineman. Zeresanik ez, gure bertsolari gogokoenari jarri dioten gai garrantzitsuenari buruzko azken puntuetako petardo leherketa.

Alegia, hots bat onartu edo ez, entzulearen jarreran dagoela gehienean: entzuteko prestutasunean eta desiran. Eta zerbait adi entzun nahian ari garenean, beste hots posible guztiak zaizkigu oztopo, interferentzia, arazo. Arreta galarazten digutelako. Bertsoaren lehengaia arreta eta entzumena diren heinean, ulertzen da kutsadura akustikoak beste esanahi bat ere har lezakeela, noski.

Bertso saio bat eremu publikoan ematen bada, jende bat bildu bada hori entzutera, oinarrizko errespetua lirudike espazio hori partekatzekotan interferentziarik ez eragitea ezta? Ba ez dirudi hain erraza. Entzuleak ahalegina egin behar badu inguruko zarataren gainetik belarria zorroztu eta bertsoa jarraitzeko, ez dago saioa entzuteko baldintzarik. Eta zalantza sortzen zait, espazio horretan sartu eta bozgorailutik bertso hotsa datorkiolako oihu ozen egiten duen koadrila horrek entzumen urritasuna edo abegi urritasuna duen; benetan ez den jabetzen interferentzia eragiten ari dela edo apropos eragin nahi duen;  edo entzun ezin duen frekuentzia batean ari ote garen.

Ez da kasualitatea izango, euskaraz ez dakitenekin, haur taldeekin edo gizon korroekin gertatzea hau normalean. Saioaren parte ez direnetan hura ez balitz bezala gainetik jartzeko modu hori non ikasten den jakin nahi nuke, ez bada mutu nahi genukeen edozein hotsi entzungor egiten diogulako. Guretzat ez dena ez delako existitzen, eta gure existitzeko modua horren gainetik pasatzea delako. Batzuon egonezina zentripetua da, isiltzera garamatza (hizkuntzen eskalan ederki dakigu hori); eta beste batzuena zentrifugoa, espazioa hartzen du. Nik emango nizkioke buelta batzuk zenbaiten sortasun eta gortasunari.

 

Kutsadura akustikoa
“Blow Your Mind”, Kozumel
Kutsadura akustikoa