2016-04-26
Kulturartea
Kulturartea –
Doinua: Trumoiak ortzi beltzean hoska
1.
Ez oasia, ez uhartea
osotasuna denez artea
maiz jakinminak aberasgarri
egiten du elkartea
txikitu dedin mundu ezberdin
hauen arteko tartea
hitzezko jolas parkea
duguna eman, dutena jaso
hori da kulturartea.
2.
Lehen saioa lehertu zen Bilbon
Zinar Alari sua zerion
Kurdistaneko minari bertso
batzuk kantatu zizkion
adierazpenak, sentimenduak
egin zidaten niri on…
nahiz ta ez jakin zer zion
kantatzen zuen moduagatik
guztia ulertu nion.
3.
Laukote eder bezain ausarta
arreta jarri nien zeharka
sardiniarrak inprobisatzen
ez ziren jardun bakarka
laguntzaileek osatzen zuten
polifonia aparta
barrunbeak deiadarka
lehen segundutik jarri zidaten
bularraldea dardarka.
4.
Kataluniarrek zenbat ezuste
horren sinplea denik ez uste
“garrotin” hotsak gau oso batez
pozik entzungo nituzke
musikaz eta festa giroaz
harritu egin gaituzte
oholtza ertza bihurtuz ke
tabladu gaina ta azpikoa
mimetizatzen dituzte.
5.
Hizkuntz gutxitu baten lau aho
itzulpenetik dira igaro,
testigu ginen guztien gisan
emozionatuta nago.
Gaurtik aurrera izan dezagun
begirada zabalago;
gure zilborraz harago
arakatzeko, deskubritzeko
mundu oso bat baitago.