Ekhiñe Zapiain
Ekhiñe Zapiain

2023-03-24

Kuku hotsa

Kuku hotsa –

Doinua: Erreguetan ari nintzela

 

Biligarrua arbolan eta

xoxoa sasi onduan

gaur goizean’e eginahalean

hor ari ziren kantuan

kukua berriz, zuhaitzik zuhaitz

“kuku” hemen ta “kuku” han

kalendario gabe badaki

noiz etorri ta noiz juan

 

Lazkao Txikik botatakoak

badauka nire adosa

hura oinarri badoa hemen

nire kontakizun motza

Gaur aritu naiz poltsikoetan

aurkitu asmotan sosa

Udaberrian lehenengo aldiz

aditzean kuku-hotsa

 

Ta hausnarrera eraman ditu

nire burua ta boza

Nola munduan ta gizartean

maiz gailentzen den kaosa

Ziur ezberdin izanen dela

bakoitzaren lekukotza

Udaberrian lehenengo aldiz

aditzean kuku-hotsa.

 

Belar soroak loratzen dira,

loratzen zaigu bihotza

baserrietan —hirian berdin—

zabaldu ohi da gorotza

Batzuk lo egin ezin, bertzeek

aitzaki harturik txotxa

Udaberrian lehenengo aldiz

aditzean kuku-hotsa

 

Euskaldun gisa nahi genukeenez

prototipo on bat osa

Markako treking arropaz goaz

miatzera Panticosa

Baina ezezagun zaizkigu oraindik

Garazi eta Lodosa

Udaberrian lehenengo aldiz

aditzean kuku-hotsa

 

Handitzen doa negu partean

jaio berri zen bildotsa

Mugikorraren menpe bizi da

ezin altxatu kokotza

jendearekin konektatzea

egiten zai0 arrotza

Udaberrian lehenengo aldiz

aditzean kuku-hotsa

 

Irauten duen forma berridun

langileen esklabotza,

herria bitan banatzen duen

zubi puska, burni hotza

Bidasoaren urek dakarte

gorpu baztertu, hilotza

Udaberrian lehenengo aldiz

aditzean kuku-hotsa

 

 

Gure zilborrak begiratzea

nahiz gure gorputzez lotsa

Maiz aldrebesa izan litekeen

inguruko harrabotsa

Guztia duen horren samina

deus ez duenaren poza

Udaberrian lehenengo aldiz

aditzean kuku-hotsa

Kuku hotsa