2022-10-17
Kritikaren plaza
Kritikaren plaza –
Txapelketa Nagusiak denok birkokatzen gaituela esan nuen joan den hilean (batzuok, justiziaz izanik ere, nahi ez genukeen lekura eraman gaitu). Ez pertsonak bakarrik: baita joerak ere. Txapelketa Nagusiak bertso-jardunaren kritikagintza urte osoan behar lukeen lekuan birkokatzen du; hiru hilabetez eta modu efimeroan bada ere.
Horren lekuko dira, sare sozialetan jaurtitako iritzi kualifikatu eta furtiboez gain, azkenaldian sortutako eta oso kontuan hartu beharreko iritzi-plazak: Txapelketa Nagusiak berak webgunean duen “adituen analisia” atala, Bertsoa atariak eskainitako “Ganbaran bai” bertsogintza-iruzkinen sorta, Aitor Sarriegiren eta Sarai Roblesen ekarpenekin (bidenabar, azpimarratzekoa Sarriegik joan den astean egindako Estetikaren balioaz iruzkina), Berria egunkarian Gorka Azkarateren eskutik datozkigun asteburuen errepasoak…
Zerotik (zero koma zero bostetik) ehunerako saltoa dakar txapelketak kritikagintzan. Argudiatu daiteke salto berbera dakarrela erakusleihogintzan, mugimendugintzan, bertsozalegintzan, kalitategintzan (nahiko desados azken honekin), eta, beraz, koherentea dela saltoa hizketagai dugun esparruan ere. Hala ere, koherentea izateak ez du zuritzen berez horrek dakarren artifizialtasuna: bertsolarien jardunaren zati txiki bat ikus dezakegu txapelketan; erlatiboki pisu txikia du sortzen den produktu-kopuruak, (lau) urtean zehar ohikoak diren plazetan sortzen denarekiko. Produktuari, den-denok, hasi bertsolariongandik eta entzuleenganaino, urre-pipita izaera ematen badiogu ere.
Gure adierazpide artistikoaren bazterreko izaera erromantizatu nahi dutenen aurrean, gustura hartzen dut artifizialtasun hori: hiru hilabetez, ematen du kultur-sistema “normal” bateko mekanismo “normalen” aurrean gaudela. Plaza kritikoaz ari naiz, berresten baitut gainerako zirkuituetan ez dauden kanalak irekitzen dituela txapelketak. Gainerako aspektuetan (sortzaileen prekarietatea, erdal-burbuilan txapelketaren erresonantzia-kutxak duen oihartzun eskasa…) ezin bazterreko izateari utzi.
Basilika podcastgunean elkarrizketa egin berri diote, Zeelanda Berria saiokoek, Gonzalo Torné idazleari. Idazle izateaz gain, literatur kritikaria ere bada, eta bere lan-eremu horri buruz galdetuta, ideia interesgarri bat azpimarratzen du: kultur-kritika egiterakoan, ez garela aritzen aztergai dugun obrari buruz bakarrik; zeharka, aztergai dugun adierazpidea bera ere aztertzen (eta, ondorioz, eraldatzen) dugu. Bertsoak merezi du berau aztertzeko (eta, ondorioz, eraldatzeko) prest daudenentzako plaza jarraitu bat, txapelketatik kanpora ere.