Onintza Enbeita
Onintza Enbeita

2024-03-14

Kostatzeaz

Kostatzeaz –

Kostatzeaz
Arg: chenspec

Mila aldiz eskatu didate bertso bat parrandan nabilela. Ez parrandan bakarrik, telefonoz ere bai. Halakoren ezkontzarako, bertsozalea naizelako, aita bertsozalea gaixorik dagoelako, lehengusu bati opari bat egiteko, koadrilan kantatzeko, despedidarako, Jaunartzerako, amonarentzako, ikasleentzako… parrandan ezetz esateko konplexuak erabat galduta ditut aspalditik, baina beste eskaerekin larri ibiltzen naiz. Ez dakit zein puntutaraino ari naizen norbait mintzen eta zein puntutaraino ari den bera konfiantzaren eremu oro zapaltzen. Ez dakit. Edo badakit, baina judeokristauegia naiz ni ere jendea haizea hartzera bidaltzeko. Gero, egia da, jende eskertua badela: diruz, muxuz edo zeuk behar duzunean hor egonez eskertzen dizuna. Orokorrean, ordea, “inoiz ikusi izan bazaitut ere, ez naiz zurekin akordatzen” esaten digu jendeak, hala esan gabe, baina lurraren gainetik erabat desagertuz.

Gure jardunak merezi du errespetu bat, behar du kontsiderazioa, eman behar zaio gizartean leku bat. Ez beste edozein jarduni baino gehiago edo gutxiago, baina merezi duen adina. Esan nahi dut, inork ez dio Benito Lertxundiri kanta bat propio eskatuko edo Athleticeko jokalariak ez ditu gurasoen urrezko ezteietara eramango edo ez dio Gorka Urbizuri kontzertu bat eskatuko… kasu batzuetan argazki bat sinatzeko eskatzen da, edo gure izena inprimatzen dugu beste batzuen uniforme den kamiseta batean, edo kantu bat jartzen diogu buklean gaixorik den amari. Baina ez gara haserratzen kantari, idazle edo kirolari batek ezetz esaten digunean. Normala da. Lanpetuta daude, eta ezin dute hala nahi duten orori mesedeak egiten ibili.

Bertsolariok ordea, errez egiten dugu gure jarduna, ez zaigu kostatzen. Beno, mesedez… bertso bat! Bertso bat? Minutu bateko kontua da. Kotxean zoazela pentsatu dezakezu. Zer kostatzen zaizu? Gure ama oso bertsozalea da eta gutxi gelditzen zaio. Lehengusuaren ilusioa da bere ezkontzan bertso bat kantatzea. Honengatik kobratuko didazu? Zenbat kosta zaizu bada egitea? Nolakoak zareten oraingo bertsolriak, diruagatik ez bada ez duzue ezer egiten. Jesus, ezta liburu oso bat idazteko eskatu banizu ere. Ezetz esango didazu? Zure kontzientzian geratuko da zure ezetza betirako. Horiek eta beste zenbait perla entzun izan ditut, eta horietako batzuk ez hain aspaldi. Askotan pentsatu dut bertsolariaren eta bertsotan ari den pertsona horren arteko mugak etengabe apurtzen dituela publikoak. Nahi du eta erreza zaio bertsolariei eskatzea. Kontua da, norbere ustez erraz egiten den lana ez dela hain erraza, eta guztiei baietz esanez gero, horretarako bakarrik biziko ginatekeela. Hori ordainketetan sartu gabe, noski.

Bertsolariaren jarduna ez da errespetatzen. Instituzioentzat anekdota bat garena argi dago, euskarazko sorkuntza gehiena den moduan. Baina publikoaren zati zabal batek ere ahaztu egiten du bat batean ari garen arren, minutu batean kantatzen dugun arren, lan handia egin dugula horra iristeko. Eta lan handi hori egin ez bagenu, ez litzatekeela hain gauza azkarra eta ustez erraza izango. Ez diot inori esango zer eskatu behar duen eta zer ez. Ez diot inori esango eskatzen zaiona egin behar duen edo ez. Bakoitzak ditu bere arrazoiak eskatzeko eta emateko edo ez emateko, baina abiapuntu egokia ipini dezagun: abia gaitezen bertsolariari ere kostatu egiten zaionetik. Gehiago edo gutxiago, baina kosta. Gero beste gauza bat da egiten duen horrekin asko gozatzen dugula, baina kosta, kosta egiten zaigu gure jarduna ahal denik eta ondoen egitea.   

Kostatzeaz  Kostatzeaz