2016-08-14
Koskaren ertzetik
Koskaren ertzetik
Ezberdin ikusten dira gauzak koskaren ertzetik. Aurrera egiteko gogoz ertzera pixkanaka gerturatzen ari da, baina oinak iltzatuta ditu. Igerilekurako saltoa behin eta berriz irudikatzen du buruan, “1… 2… eta 3…” baina zirkinik ez. Behatzak koskatik zintzilik jarri arren, ez du ausardiarik biltzen.
Makurtu eta eskuetan bildutako urez igurtzi du gorputza, kontrastea baretu nahian bezala. Horrek saltatzen lagunduko diola uste du. Berriz jarri da zutik eta ura lehen bezain urrun du. Bat-batean, plasta! Eta zipriztinek blaitu diote gorputza. A ze saltoa egin duena Jonek! “Hura bai ausarta, 1… 2… eta 3… zenbatu beharrik gabe egiten du salto” inbidiaz begiratzen dio. Ez du jauzi fina egin, ez zaio polita geratu; bonba estiloan egin du, baldar, baina gustura. Barreka hartu dute lagunek eta bera ere halaxe dago uretatik, “egin ba salto!” oihuka.
Ilazkik ere ausardia hori bildu nahiko luke, baina igerilekuan ere urak haundi dire eta berari digestioa egiteko bi orduz itxaron behar zuela esan zioten behin, krema xurgatu arte ez bustitzeko beste behin, kirtenkeriak zaintzeko beste hainbatetan … eta koskaren ertzean dago, atletek bezalako saltorik ezin sortu eta bonba estiloan saltatzeko lizentziarik ezin hartu.
Hau udako edozein opor-egun izan zitekeen, baina bertso eskolako edozein lan-egun da. Jon asko ezagutu dut irakasle moduan daramadan denboran, eta Ilazki gehiago. Eta nire papera ezin erabaki egoten naiz askotan, koskaren ertzean dagoen horri begira. Zein da nire lana? Uretatik lasaitasun mezu bat ematea?
-Ei, Ilazki, egin salto lasai! Lurra gertu zagon, bularreraino besterik ez zain iritsiko ura; gainera epela zagon eta denok gabiltzan hemen jolasean, hator!
Edo … atzetik isilka joan eta uretara bultzako duen lagun alu hori izatea da nire lana?
-Ikusten? Ez dun ezer gertatzen, ez zagon uste bezain hotza!
Edo behar bada, koskan bere ondoan eseri eta nik ere beldur berbera izaten nuela kontatu behar diot.
Hiru ereduak probatu ditut eta oraindik ez dakit zein den egokia. Ohartu naiz, hori bai, bertso eskolako lehen egunetik hasten dela eraikitzen igerilekua, eta gure esku dagoela inguruan ze giro, ze sakontasun, ze garrantzia eman. Salto egin nahi duenak egin dezala estilo librean, igeri ondo dakienak hobe beretzat, eta kanpotik begira egon nahi duenari zuhaitz bat jarriko diogu itzalean gustura egon dadin.
Guk erabakitzen dugu zenbat behera dagoen lurra. Normalean, uste baino gertuago …
GIF
PD: txarrenera, buruz botaz gero sudurra hautsiko dugu. Baina horrek ere badu erremedioa.