2024-06-27
"Kortijoko" bazkaria
Abiadura handian bizi dugun bizitza honen ondorioz aspaldiko kontua dirudi, ia ahaztua dugu. Baina ez, ez da horrenbeste denbora pasa 2020ko martxotik. Aurrez inoiz ezagutu gabeko garai bat bizitzea egokitu zitzaigun. Itxialdiak, distantziak, edukierak, musukoak, etxeratze ordutegiak, txertatuen pasaporteak…
bazkaria –
Ez naiz medikua. Ezta pandemiatan aditua ere, baina iruditzen zait “covid neurri” bezala izendatzen zituzten haietan neurrigabekeria dexente zegoela. Arnas aparatuarentzat kaltegarria zen gaitz baten aurrean kaleko aire garbia arnastea galarazia zegoen bitartean estankoetan nahi adina tabako erosteko aukera genuen, adibidez.
Pertsona hobeak bihurtu behar omen ginen. Arduratsuagoak, solidarioagoak… Eta kaleak eta leihoak poliziaz bete zitzaizkigun.
Gelditu eta norberarentzat denbora hartzeko aukera bat zela ere esaten zen. Kaka zaharra! Etxetik lanera eta lanetik etxera. Ni lanean nengoenean umea eta bikotea etxean. Bikotea lanean zegoenean umea eta ni etxean. Umeak 3 urte, pisuak 90 metro karratu, eta gu ezin kabitu. Beharrik erosketen eta hondakinak atera beharraren aitzakiak kalean denbora pixka bat pasatzeko baliatzen genituen!
Bi asteko kontua izan behar omen zen hasieran. Baina ia bi urtez luzatu zen. Nigan, arnas aparatuaren osasunean baino eragin handiagoa izan zuen garai honek buru osasunean. Frustragarria eta nekagarria suertatu zitzaidan eta dexente kostatu zitzaidan horri buelta ematea.
Bizi dexente duen herria da gurea eta “neurrien” malgutzea batetik, tranpa txikiren bat bestetik, ahal bezain azkar hasi ginen gure kaleko ohiturak berreskuratzen. Edo ohitura berriak sortzen. Izan ere, negu gorrian terraza batean arratsaldea pasatzea ez zen ohitura bat garai hura iritsi aurretik.
Edukierak, kutsatzeak eta horrelako kontuak hizketagai ziren poteo arraro horietako batean hasi zen pandemiak ekarri zidan gauza onenetako bat: “Kortijoko” bazkaria.
Berez etorri zen. Lehenik Aritzek, itxialdian akordeoia jotzeko ohitura berreskuratu zuela esan zuen. Urte mordo bat kaxatik atera gabe pasa ondoren.
Nik bazkaloste batean mahai bueltan demostratu beharko zuela esan nion.
Soinua jotzekotan nik bertsotan egin behar nuela berak.
Horretarako ondoan beste bertsolari bat behar nuela nik.
Lankide bertsolariari esango ziola, beste aldetik, bere anaiak. Hura prest egongo zela.
“Kortijoan” egingo genuela Jonek -bere baratzari deitzen dio horrela, ez galdetu zergatik-. Berak antolatuko zuela dena. Sukaldaria, nor gonbidatu…
Eta horrelaxe elkartu ginen handik hilabete pare batera kortijoan. Julen, Aitor, Mikel, Joxemigel, Iker, Asier, Unai… A ze banda! Bestela mahai berean inoiz elkartuko ez ginatekeen 25 laguneko kuadrilla. Indarrean zeuden covid neurriak “ahaztuta”, ume batek debekatua duen bihurrikeria hori egiten duenean sentitzen duen harrokeria punttu horrekin. Esango nuke legetik kanpo egote horrek ere eman ziola xarma berezi bat zitari.
Bazkal aurreko tertulia parrilla martxan zegoen bitartean. Nahi adina urdai, sagardo, ardo, garagardo… Ondoren bazkaltzeko eseri, txuleta eder batzuk dastatu, postrea, kafea, kopa, akordeoi saioa, bertso saioa, akordeoia berriz, bertsoak berriz… Eran eran aurretik antolatu gabe zegoen “programa” osatzen joan ginen giro ederrean.
Lehendik bertsozaleak zirenek gozatzea lortu genuen. Eta aurrez bertso bazkari batean inoiz egon ez ziren batzuk harritu eta zaletzea ere bai. Izugarrizko gozamena.
Lanak amaituta eta dena bilduta, pasatako egunak eta edandakoek eragindako harrokeriarekin (bajaren bat tarteko) kalejiran joan ginen herrira baflean musika jarrita. Imajina dezakezue zer izan zen terrazetako mahai bakoitzean pertsona kopuru mugatu bat egon zitekeen hartan kuadrilla bat herriko plazara kalejiran iristea! Eskerrak ez zen bidean poliziarik tokatu. Ez dut pentsatu ere egin nahi bestela zer gertatuko litzatekeen.
Ordutik urtero elkartu gara. Legal. Aurten laugarrenez. Urte hasieran bertsolari, soinujole eta sukaldariarekin maiatzeko data bat adostu eta gorriz pintatzen dugu kalendarioan.
Niretzat urteko saiorik garrantzitsuenetakoa eta berezienetakoa da. Lagunartea, bertso-kidea, giroa, oroitzapenak… gauza askok egiten dute berezi. Kanturako ez ezik lagunarterako aukera ederra izaten da eta bertsotan gustura aritzeko ez dago eroso eta konfiantza giroan egotea bezalakorik. Bertsoen kalitateak ez du horrenbesteko garrantzirik. Hala ere saio onak egiten saiatu izan gara beti eta neurri handi batean lortu izan dugula esango nuke. Autoexigentziak ez du barkatzen. Ezta horrelakoetan ere.
Urtero hurrengo urterako gogoz bukatu izan dugu eguna. Ez dago neurri egokiagorik aurkitzerik.
Azkenekoan bertsolari “titularrak” ezin eta “suplentea” etorri zen. Ikusirik bai bera bai gainontzekoak zein ongi moldatu ginen, susmoa daukat aurrerantzean bi bertsolari beharrean hiru izango garela… Kortijoko nagusiak hala nahi badu hala izango da. Lehenago ere egin izan dugu tranparen bat edo beste edukierarekin.