Manex Agirre
Manex Agirre

2023-03-21

Kon(tra)pasa

Kon(tra)pasa –

Harreman zail samarra izan dut (eta dut) bertso-saio musikatuekin. Ez dut saio musikatu askotan kantatu, egia esan, eta agian horrek ekarri dit formatutik distantzia hartzea. Batzuetan gustura aritu naiz, saioari neurria hartuta; beste batzuetan ezin sartu, ezin tenpoari heldu, desastre. Entzule modura ere pendulua bezala bizi izan ditut instrumentudun saioak: bertsolari batzuekin sufritzen, ezinean aritu direlako (are gehiago, ezinean aritzeak zerikusi zuzena bazuen saioa musikatua izatearekin); beste batzuekin gozatzen, saioari justu musikatua delako probetxua atera izan diotelako. Total, norbera gero eta zipotzagoa da denborarekin, eta penduluaren alde bat (badakizue zein) distiratsuagoa dela iruditzen zaio.

Gauza asko aldatzen dira bertso-saio batean musika-tresnak sartzen direnean. Eszenatokitik hasita, elementu gehiago ditu publikoak ikus-entzungai. Horrek beste modu batera eserarazten duela esango nuke: beste saio mota batera doa jendea. Baita bertsolaria ere. Aurretik nahitaez egin beharreko doinuen (eta bereziki tonuen) errepasoa, saioaren egitura… eta, bereziki, erritmoa. Jada ez dago bertsolarien edo gai-jartzailearen esku (bakarrik): musikariak tartean daude. Horrek, saioa zurrunago egiteko arriskua dakar. Beti dago bertsolarien esku bertsoaldia noiz bukatu, baina ezin dute nahieran bertsoaldiaren abiaduran eragin. Musikariekin adostu beharreko kontu bat da hori; jakinik, noski, musikari artista ugari dagoela bazterretan, saioen irakurketa bikain bat egiten iaioak direnak, eta bertsoaldiaren tenpoan behar bezala (saioaren onurarako) eragiteko gaitasuna dutenak.

 

Kon(tra)pasa

 

Tira, harreman zailak ez du harreman txarra esan nahi. Bat-batean 2022 bilduman jasotako saio bat dakart hona, horren ilustragarri: Iazko urtarrilaren 21ean, Elgoibarren, Ez da kasualitatea saio batean, Uxue Alberdik, Miren Amurizak eta Onintza Enbeitak egindakoa, Idoia Anzorandiaren gai zoragarri bat oinarri hartuta. Ixak Arruti eta Gari Otamendiren soinu-lanak airea ematen dio gora eta gora doan saioari. Entzun, eta gozatu.

Nik, dena dela, bertsoaldi barruko isiluneekin maitasun-harreman atabiko samarra izaten jarraituko dut, zipozkeriarik gabe. Beste baterako utziko dugu saio musikatuen bideak zabaldu ditzaketen balizko bideen analisia. Autotunea bertsolaritzaren hurrengo atalasean dago. 

 

Ikusi Elgoibarko bertso-saio musikatua osorik Bertsoan

Kon(tra)pasa