2018-11-20
Kontraerranak
Kontraerranak –
Bertso munduan askotan aipatu izan dugu emakumeen lekua plaza publikoan. Zenbat elkarrizketa eta hausnarketa gai horren inguruan, zenbat desadostasun, zenbat garaipen urteetan zehar eta aldi berean, zenbat urrats diren emateko etorkizunari begira… Anitzetan entzun izan dut «meritu» gehiago genuela batzuek, plazara ateratzeko ausardia izatearren, gizon guzien artean gure lekua egitearren (nahiz eta begirunezko oharrak diren, ez ditut sekulan ainitz maitatu…)
Hausnarketa gai sakon bat den arren, ez naiz sekulan lekuz kanpo sentitu eta beti naturaltasun handiz bizi izan dut bertso munduan neska izatearena, oreka handiago baterako borrokan segitu nahian halere. Baina aurten, alderantzizko egoera batean ikusi dut nire burua, guztiz guztiz alderantzizkoa! Aurten hasi naiz unibertsitatean ortofonista (edo logopeda) izateko ikasketekin. Eta inork inoiz zergatik jakin ez duen arren, lan horretan ibiltzen direnen %98a emakumez osatua da. Gure klasean beraz, 87 neska eta 3 mutil daude. Ondorioz, bertso munduan izan ditugun eztabaida antzekoak ditugu, eta galdera ugari ere bai, baina alderantzizko arrazoiengatik !
Azkenean, egoera kontrakoak izan arren, beti puntu berdintsu batera eraman ohi gaituzte bi hausnarketa desberdinek. Hala nola, bi estremoetara begiratuz ohartzen gara gizarteak ze heinetaraino hezi gaituen bide baterako edo besterako…
Alde batetik, zenbat borroka eta indar gizonen leku berdina edukitzeko plaza publikoan, eta bestetik, zenbat argumentu zaintza ez dela soilik nesken esku erakutsi nahian…