2025-01-29
Koinatuarena
Ez zait ongi iruditzen diametro handiko pizzei eta maletategi luzea duten automobilei familiar deitzea. Lokalean, lagunen artean posible da pizza handi bat partekatzea, baita bakarrik bizi den elur zaleak, eskientzako tokia duen kotxea erostea ere.
Koinatuarena –
Amama pelikulan, familiako kide bakoitzak bera jaiotakoan sartutako zuhaitz bana du oihanean. Are ohikoagoa da, norbait hiltzen denean haren omenez zerbait landatzea. Urtemugetan mendi gainean elkartzeko motiboa da, hutsunea gorpuzteko. Dolua pertsonala eta delikatua da; hala ere, nireak moduko lorazain gaitasunekin, arriskutsua iruditzen zait eternitatearen esperantza lizar kimu xaxtar bati esleitzea. Gu jaio ginen urtean pinu sail bat sartu zuten errekaz bestaldeko laiotzean. Erromantikoagoa zatekeen haritz edo pago mintegi bat balitz; izan ere dagoeneko gaitzak dena ihartu ditu nire kinto lagun intsinisak.
Eguberrietan turroia bezala itzultzearen moda pasa zen. Orain, kasik kanpora joatea da ohitura, tradizioengandik askatzeko. Aitzitik, ospakizunen uberan biei aurre egitea tokatu daiteke: familia politikoari eta familiako politikoari.
Urtean zeharreko eredua ere dezente antzaldatzen edo zurruntasuna galtzen ari da, egitura klasikoak baztertuz. Likidotze horretan sukaldeak zentralitatea galdu du, edo disolbatu egin da egongelaren mesedetan. Senitartekoen bilkuretarako aitzakia erlijiosoak bakanduz doaz. Ez dakit koherenteak ote diren azken boladako apostasi olatua zentzuzkoa iruditzea, eta aldi berean Salamancako izeba moja maitekiro estimatzea.
Azpirozek zekarren kaixoegunon izpirituaren karietara, azken agurretako diskurtsoetan ere familiaren presentzia nabarmen urritu da: “Ama Extremadura, aita Zamoratik”, “andrea ejem maite det baina, ahal dela oholtzatik kanpo”, “ai gure amatxu kerida”, “aitarena den txapel hau eskaintzen diot amari”. Egungo eskaintza eta eskertzen jo puntuak unibertsalagoak dira askotan, edo ez ahaidezko harremanei dagozkie bestela: “sinetsi nahi dut gizakiarengan”, “borrokatzea bihar gaur baino hobeto bizi daitezen”, “dena izozten dela herri bat kantuan hastean”, “egon gaitezen lagunekin hauskor ta inperfektu”.
Instituzio familiarra abolitu behar dela entzuten dugu, jaio garen sehaska-testuingurua ausazko zorra omen delako. Lagunak aukeratzea beti posible balitz bezala. Koinatuaren figurara bagatoz, erdi bideko zerbait izango litzateke, zuzenean ez baina zeharkako lotura delako. Albo ondorio bat. Albo kaltea batzuetan. Ez dute mahaikide adeitsuak izateko osperik. Integrazio falta dela bide, edo aldizkako harreman zirkunstantziala izateagatik, oturuntzetan tokiz kanpoko komentarioak eginaz imajinatzen ditugu. Gainontzeko urte sasoia hibernazioan pasako balute bezala da; halaber, jende asko ezagutzen dutela dirudi. Ideiarik ez duten gaiez jarduna ere, eztabaidetatik zutik erortzeko joera dute.
Jaramon gutxiago egin behar nieken meme lelo horietako batean ikusten nuen, 10 urte dituzunean, gabonetan osaba mozkorrak barregura ematen dizula, eta 20 dituzunean berriz lotsarazi egiten zaituela. 30 urte betetzean, berekin batera mozkortzen zarela, eta 40rekin dagoeneko zeu bihurtu zarela osaba mozkorra.