Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2021-08-17

Klase sanitarioa

Klase sanitarioa –

Txertoaren alde edo aurkako eztabaidetan sartu gabe, agorrilaren 9tik Ipar Euskal Herrian pase sanitarioa deitzen duguna aplikatua da. Honen baitan, gune kulturaletara, ostatura, zinemara, igerilekura, gimnasiora, treinetara zein autobusetara sartzeko txertaketaren froga, test negatibo zein birusa harrapatu izanaren froga erakutsi behar dira. Baionako Euskal Museoan pasatzen dut uda, bertan lanean, eta guk uztailaren 21etik eskatzeko agindua izan genuen.

Aurreikustekoa zen bezala, haserre bizia piztu du pase sanitarioaren kontuak, askatasunen aurkako eraso zunena eta kontrol sozialaren erakus-lehio asumituena izanik. Argiki ikusi da nola gutxiengo batek gehiengo bati erabakia inposatu dion, nola gutxiengo batek lortu duen batua egon behar lukeen jende unitate hori bata bestearen aurka ematen.

Kulturari doakionez, orai esku garbiak erakusten dizkigutenei soilik uzten diegu museora, zein bestelako gune kulturaletara sarbidea. Kultura denentzako eskubidea bezala duen gizartetik urrun den mundura saltoka gabiltz pausuka-pausuka, zeinetan kultura irisgarria bihutzen zaien kuadroan sartzen direnei.

Gu ere bertsogintzan, mota honetako eztabaiden aurrean aurkituko gara fite. Guri ere tokatuko zaigu hautu bat egitea, gure publikoak 50 pertsonetara mugatzea pasea ez eskatzeko edo publiko zabalagoaren apostua egitea. Aurtengo Xilabak zapore berezia hartuko duen testuinguruan, buruan gorde dezagun denen artean eraikitzekoa dugula denentzako kultura eta honen hedatze optimoena ahalbidetuko duen ingurunea. Eskubide indibidualetik at, askatasun eta liberazio kolektiboa dakarrelako kulturalki elikatutako norbanakoz osaturiko gizarteak.

Klase sanitarioa

Klase sanitarioa