2020-02-04
Kirolari arruntaren koplak
Kirolari arruntaren koplak –
Doinua: gizon arruntaren koplak
1) Hogeita hamazazpi
Urte nituela,
Parrandan ibiltzeko
Zahartua nintzela,
Korrika hasi nintzen
Jaisteko kupela,
Eta begira orain
Daukadan nibela (bis).
2) Gaindituz agujeten
Hanketako minak,
Menderatu ninduen
Kirolaren grinak,
Bizikletak, korrikak
Eta spining-ak
Zer nolako indarra
Daukan endorfinak (bis).
3) Kiroldegira noa
Goizeko seietan,
Pistinan ibiltzeko
Jira eta bueltan,
Edo zintan korrika,
Egoki benetan,
Kurkumixak bezala
Euren kaioletan (bis).
4) Zapatila onena
Jantzirik oinean,
Termiko berezia,
Zira bat gainean,
Bestela nola joan
Modu arinean,
Ia bi mila euro
Baditut soinean (bis).
5) Entrenamendu plana
Harturik buruan,
Gehigarriak goizetan
Onenen moduan,
Behobia jaisteko
Hiru segunduan,
Gauza hobeagorik
Ba al da munduan (bis).
6) GPSarekin
Neurtzen dut buelta,
Guztia izateko
Sarean gordeta,
Marka eta izena
Ipini arreta,
Neure buruarekin
Pikatzen naiz eta (bis).
7) Udaberri garaian
Mendi maratoia,
Udaran egin behar
Dugu triatloia,
Hain ederra izanik
Daukadan sasoia,
Orian geldirik nago,
Nolako bajoia,
Zergatik puskatu zait
Orpoko tendoia?
8) Kalean triste nabil
Bi oinen garraio,
Geldirik egoteko
Ez bainintzen jaio.
Penaz malkotan egin
Ditut mila saio,
Bihar fisioari
Deitu behar zaio,
Orain ohera noa
Bihar arte aio (bis).