2019-01-24
Kattarro
Kattarro –
Pello Mari Otañori esaten omen zioten ‘Kattarro’, zituen eztarri arazoengatik. Ezin omen zuen jendaurrean kantatu eta beharbada hargatik eskaini zizkion paperari bere bertsoaldiak. Ziurrenik, ordea, kantatzeko gai izan balitz, jaso dugun ondarearen hamarren bat jasoko genukeen (Amerikatik korrespondentzian utzi zuenaz gain) . Zentzu batean eskerrak beraz, bere ahots ahulari. Txirrita eta Udarregirekin jardun zen Otaño bertsotan, baina ezin plazarako behar besteko eztarririk osatu. Eta hala ere, Txirritaren ahotsean entzun genuen mikrofonoaz nola zioen “enamoratua” zeukala “erreminta”-k.
Ezinbesteko ezaugarri izan da urtetan eztarri sendoa izatea bertsotarako, bozgorailu eta mikrofonoak txoko guztietara iritsi artean, behintzat. Mikrofonorik gabe egindako saio batean edo bestean sentitu dut, duela urte batzuk jaio izan banintz ezingo nukeela bertsotan aritu plazan (emakume bezala hazi izanaz aparte).
Mundu erdia gripe edo katarroren batekin dabilen honetan, gaia entzun eta bertsoa abestu arteko segundo parean eztul hotsa gailentzen den honetan, nola egin aurre saio bati ahotsa marrantatuta edo ahotsik gabe? Posible al da gure hitzak entzulearengana iristea afoniaz gaindi? Posible da, bai, baina diogunaz gain ezina eta ahalegina helaraziko dizkiogu ziurrenik. Bertsolariaren ezinbesteko tresna da ahotsa oraindik, mikrofonoek eta megafoniak lana asko erraztu arren, entzuleenganako zubi behinena gure eztarria da.
Gure ahotsak dioguna osatu edo deusezta dezake, lasai gatozela ahots dardartiz abestu izan dugu, edo mezu solemne bati ertza atera izan dio nahigabeko gallito batek inoiz. Eta txapelketetan, nork ez du sentitu korapilo bat zintzurrean, ahoa zabaldu eta hotsik irtengo ez den beldurrez?
Ahotsa ere bada mezu bat. Eta bada esaten duguna sentitzeko era. Falta dugun arte estimatzen ez ditugun gauzen artean daukat, asteburutik. Sekula ez nintzen jabetu jendeari abestean zenbat gozatzen dudan. Beti hitzek hartu izan didate arreta, beti mezuaren baitan erabaki dut ondo edo gaizki. Baina bertso ona jendeari helarazi ezinik sentitzea esperientzia eskasa da: entzuleei begiekin barkamen eske, buruan dituzun hitz egokiak zulatutako baloia nola, hustuz doazela ikustea; sabela goraino estutu arren gorputzik gabeko haize huts hori entzutea …
Pasako da, eta kattarroa gainditzean, mikrofonotik pasatako ahots berriarekin, hobeto pasako dugu kantuan. Eta nik, kantatzen ikastea serio planteatuko dut. Eztarriak eskertuko dit, eta ziur asko entzuleak gehiago.