Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2021-11-19

Kantaera

Kantaera –

Xilabako finala komentatzea tokatu zait aurtengoan, eta lanak dakarrenarekin, ene iritzia ematea hau eta huraren inguruan, ene usteek maila bikaineko bertsolarien deskribatzeko eta komentatzeko balio izango baluketen gisan. Buruz burukoa iritsi zaigu ti-ta batean, gu denboraren joanaz konturatu gabe. Eta halaxe hasi ziren lanean Miren Artetxe eta Amets Arzallus, ehizari, extralurtarrei eta amak besteen esku utzi umetxoari.

Zaila da lau oreneko saioaren komentatzea, eta buruz burukora iristerakoan, hala bota zidan nirekin saioa komentatzen zebilenak: “Nabaritzen dugu Ametsek indar berezia egiten duela betiko kantaerak aldatzeko”. Une honetan, linterna bat piztu zitzaidan buruan eta berehala ulertu nuen zertaz aritu nahi zuen.

Lanarekin, garai bateko bertsularien entzutera eramana naiz astero, zintaz zinta eta kazetaz kazeta. Eta egia da beraien kantaerak asko harritu ninduela, eta ukitu ere bai. Bakoitzak bazituen bere indar uneak, bere tonalitateak, une onean ezarritako bemol eta dieseak. Abiadura ere oso ezberdina zen, gaur egun nabari da txapelketako irizpideek asko kondizionatzen dutela bertsoaren botatzea, baina garaian prisarik gabe ibiltzen ziren kantuan, meza bailitzan.

Gaur egun, egia da denek kantaera uniformizatuagoa dugula, eta bide beretik, zortziko handian bururatzen zaizkigun lehen doinuak “Pello Joxepe” eta “Oh baserritxo” direla. Parada duena gonbidatzen dut lehenagoko bertsularien entzutera, itsasten diegun folklore guztitik harago, oraindik asko dugulako ikasteko beraien naturaltasun, bizitasun eta imaginaziotik.

 

Kantaera

Kantaera