Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2024-06-06

Kaixo, Xabat naiz

Xabat naiz –

Xabat naiz

Kaixo, Xabat Illarregi naiz. Leitzan jaio eta bizi dena. 22 urte dauzkat. Bertsotan aritzen naiz (edo ausar nadin esatera, bertsolaria naiz). Magisteritzako ikasketak bukatu nituen iaz. Bertso irakaslea naiz gaur egun. Ez dakit zer gehiago esan niri buruz.

Hau da Bertsolari aldizkarirako jarriko dudan lehen aletxoa eta nire burua aurkeztea besterik ez zait bururatu. Hemendik aurrera hilabetero idatziko dut eta irakurleak nor naizen (pixka bat) jakin dezan, edo… Agian egozentriko xamar hasi dut bide hau? Bai, bertsolaria naizela esan daiteke orain.

Zeri buruz idatziko dudan hemendik aurrera? Jakingo banu esango nuke. Dakidana da, pixka bat gehiago ezagutuko nauzuela. Bertso zaharrak ekarriko dizkizuet, bertso berriak egingo ditut, bertsolaritzarekiko nire ikuspuntua azaleratzen saiatuko naiz, txapelketari buruz ahalik eta gutxien idazten saiatuko naiz… orohar, interesatzen zaizkidan gauzei buruz hitz eginen dudala uste dut. Uste dut. Ez nator eztabaida piztera, inoren ipurdia bistan uztera, kritika ez eraikitzaileak egitera, protagonismo bila… Nire aletxoa jartzera nator, interesgarri gerta daitezkeen gaien eta arloen inguruan. Ez dut espero denei gustatzerik, baina norbaitek gustura hartuko balitu, kontentu nengoke.

Subjektibo xamarra izango naiz.

Saiatuko naiz orria betetzeagatik ez betetzen. Ziur nago lortuko dudala.

Andoni Egaña, Maialen Akizu eta Onintza Enbeita geroz eta gehiago miresten ditut.

Plaza batera, herri batera noan bakoitzera daramadan ilusio eta gogo berdinez egingo dut hau ere, hilabetean behin. Beraz:

“Hemen elkartu garen iritzi,
bertsolari eta lagun…
Aukera eder-ederra dugu
ongi pasatu dezagun”

Xabat naiz