Ekhiñe Zapiain
Ekhiñe Zapiain

2024-06-24

Juxta

Orain dela gutxi ikasi dut teaser eta trailer hitzak ez direla sinonimoak. Biak ala biak dira ikus-entzunezko bat estreinatu aitzinetik sortu eta jakin-minera eta emoziora heltzea asmo duten  aurrerakinak; lehendabizikoa baina, motzagoa eta orokorragoa omen da, eta bigarrenak xehetasun gehiagoko ikuspegia eskaintzen omen du tramaren eta pertsonaien inguruan. Kontuak kontu, aldizkari honen udako alean izanen dugun erreportai baten teaser edo trailerra izatea du xede hurrengo testuak. Ez dakit motza ala zehatza izanen den. Aurrerapen bat, bertzerik gabe, zuek erabaki zein motatakoa.

Juxta –

Afera da Berako bertso ibilbidearen erreportaia egiteko eskaera jaso nuela orain hilabete pare bat, eta ariketa interesgarria iruditu zitzaidan. Erran gabe doa gure herrian bertsolaritzak izan duen ibilbidea ezagutzea, neurtzea eta azaltzea ez dela erraza izan. Kasualitateak kasualitate, liburutegiko liburuetan zein sarean aurkitutako informazio guztia beratar gizonei buruzkoa izan zen. Alabaina, nire ezinegona lasaitzeko asmotan dei bat egin nion herrikide bati, eta argi pixka bat eskaini zidan berak egindako aipu batek. “Nik ez dakit sobera, eta ez nuen izan aukerarik ongi argitzeko kontua. Baina gaur egun oraindik bizirik dagoen jende batek ezagutu omen zuen Juxta izeneko emakume bat. Errimatuta solasten omen zen, eta zirtolari aparta omen zen. Berdekeriak ere erraten omen zituen. Akaso aurkituko duzu norbait bere inguruan solas egiten ahal dizuna”.

Nola ez segi hari horri tiraka… Hantxe hasi nintzen galdezka eta deiak egiten. Eta topatu nuen Juxtari buruz informazio apur bat eman ziezadakeen beratar bat. “Gaur egun bizirik gelditzen direnek ez zuten ezagutu Juxta, ez. Nik nire aita zenarengandik jaso dut berari buruz dakidana; izan ere,  belaunaldi hartakoek bazuten bere berri, baina oraingoek jada ez. Hagitz trebea omen zen Juxta hitz-jokoetan. Kontesta guztiak ematen omen zituen bertsotan. Begira, kontatuko dizut behin gertatu zitzaiona:

Juxta

Atxuletxekobordakoa zen Juxta, eta herrigunetik urrun dagoen baserria izaki, zaldi txiki bat omen zuten erosketen garraiorako. Jaitsi omen zen Juxta behin herriko plazara erosketak egitera, eta aziendentzako plazako uztaietan xaldikoa utzi eta halaxe bota omen zuen ahots ozenez animalia begira:

 

Atxutxordako zaldiya,

hago geldi-geldiya;

gaur Juxtak din

bere aldiya”.

 

Bertze pare bat pasadizo ere kontatu zizkidan. Bigarrena bereziki xelebrea iruditu zitzaidan. “Hantxe omen zebilen Juxta baserri inguruan bertze egun batez. Non eta bizilagun bat hurbildu zitzaion anaiarengatik galdezka:

 

– Aizu Juxta, non da Martin?

Eta segidan Juxtak:

– Juan da irunara ikastera latin!

Eta bizilagunak mespretxuz:

– Zu beti haur…

Eta Juxtak segidan:

– Zuk hemen eztuzu egonbarko gaur! ”.

 

Tira, Juxtari buruz zeozer gehiago jakin nahi duenak irakur beza udako alean aterako den Berako bertso ibilbidearen erreportaia. Ez nator spoiler handirik egitera, bertzerik gabe mahaigaineratu nahi nuen liburuetan Juxta baino hitz-joko sinpleagoak edota bertso eskasagoak egindako gizonak poetatzat edo bertsolaritzat katalogatu dituztela, eta ziur aski Juxta ezagutu zuen azken belaunaldi hartako kide gehienek erotzat zutela emakumea, eta listo. Ez da ezer berria guzti hau, baina inpotentzia sentitu dut eta adierazi beharra neukan.

Jakin badakigu eromena irain moduan erabiltzen dela gurean. Eroak dira botere-harremanetan oinarriturako gizarte honetako arauak hausten dituzten horiek. Erokeria eta tabua eskutik helduta datozen bi kontzeptu dira gurean. Juxtak erantzuten zuen. Eta gainera bertsotan egiten zuen, gizonen jardun hartan. Zirtolaria zen eta pentsatzen zuena erraten zuen. Ez zuen lotsarik eta muzin egiten zion garaiko emakumearen irudiari. Eroa zen Juxta, beraz. Eromenak dakarren guzti horrekin. Animatzen zaituztet inguruan galdetzera, ziur zuenean ere bazegoela Juxtaren bat.

Juxta