Felix Zubia
Felix Zubia

2021-09-13

Jolasa, jokoa eta puntuak

Jolasa, jokoa eta puntuak –

Udara honetan, zer egin handirik gabeko tarte bat nuela, telebista piztu eta Joko Olinpikoak ikusten hasi nintzen. Skate-a tokatu zitzaidan parean, patinete baten gainean neska gazte batzuk jauziak eginez. Ez naiz bereziki zalea, baina haien alaitasunak eta ikuskizuna emateko zeukaten gogoak harrapatu ninduen. Denak zeuden pozik, elkar zorionduz eta gauza zailagoak egitera bultzatuz, eta saio bakoitzean zuten asmoa ahalik eta ariketa ikusgarriena egitea zen, erortzeko beldurrik gabe. Puntuazio sistemak ere horretara bultzatzen zuen, hau da, ariketa zail eta ikusgarri bat egitea lortzen bazen, puntu asko zakuratzen zituen lehiakideak; baina erortzen bazen, puntuazio galera oso txikia zen, bitarte horretan egindako lanak estimu ona jasotzen zuelako. Azkenean, ia ordubete egon nintzen haiei begira, txapelduna erabaki zen arte.

 

Jolasa, jokoa eta puntuak
Arg: Amaia Ventas, Zarauzko Hitza

 

Eta berehala sortu zitzaidan gure bertsolari txapelketekin konparazioa, nahiz badakidan beti ere gorrotagarriak direla. Askotan iruditu zait gure txapelketa sisteman akatsa gehiegi zigortzen dela, eta horrek erabat baldintzatzen duela sortzen den ikuskizuna. Hasteko, bertso oso ona botata ere, nekez lortzen da 7 puntu baino gehiago jasotzea, erdizkako batek 5 puntu biltzen dituen bitartean. Horrela, bertsorik gehienek oso antzerako puntuazioa jasotzen dute, eta eskala erreala oso laburra da, ez da 10 punturen gainean jokatzen.

Akatsa, aldiz, asko zigortzen da, behar baino gehiago: potoak, hasteko denborak, neurriak… Ondorioz, nahigabe ere, bertsolariak ez arriskatzea aukeratzen du, bertso oso ona botata ere alde txikia aterako duelako, eta gaizki ateratzen bazaio berriz, galera handia izango duelako. Askotan, txapelketako saio bat eta gero, entzun izan dugu: “halako, oso ondo jardun da, bertsorik onenak bota ditu, baina poto bat egin du. Pena!” Normala al da hori?

Txapelketa ugaritako saioak aspergarri suertatzen zaizkit: dena da lotua, bertsolariak urduri, ez irristatzeko beldurrez, ikuskizuna bilatu beharrean. Bertso askoren lehen puntua entzunda, oinak erraz asmatu nitzake, eta dezentetan, azken arrazoia ere bai. Ez dago sorpresarentzat tarterik, dena da karratua, ia prefabrikatua. Ikuskizuna beste zerbait da niretzat, nahiago dut arrazoi on bat entzun, nahiz neurria edo errima hain txukuna ez izan, harridura eragin dezala behintzat.

Nik ez dut txapelketa gehiagotan parte hartuko, baina gauza onak saritzeko eta txarrak hainbeste ez zigortzeko modua bilatu beharko litzateke, ikuskizuna bultzatzeko asmoz. Epaileei, asmatutako bertsoak saritzeko ausardia eskatuko nieke, eman dezatela 7 puntutik gorako bertsoren bat. Eta entzuleei, barruko zentsorea uzteko, ez ditzatela akatsak bilatu, eta gozatu dezatela ikuskizunaz. Eta azkenik, akatsa gutxiago zigortzeko moduren bat bilatu beharko litzateke: bertsorik txarrena puntuaziotik kentzea, edo bertsolariak bertso bat ezeztatzeko aukera, puntuatu aurretik. Iruditzen zait askoz ere gehiago arriskatuko litzatekeela, eta saio entretenigarriagoak izango liratekeela.

Bestela, aretoak lepo izango dira, dena arrakasta izango da, baina aspergarri suertatuko zaizkit txapelketako arratsalde asko.

Jolasa, jokoa eta puntuak Jolasa, jokoa eta puntuak