Unai Gaztelumendi
Unai Gaztelumendi

2024-12-30

Jolasa

Jolasa –

Jolasa

Ez ginen atzo goizean hasi bertsoaren mundutxo honen bueltan. Etxekoek eramanda hasiak, pixkanaka jolas egin ahala sortu zitzaidan barreneko harra. Geroztik, bertsoa beti presente, baina honek ondoan zekarrenak mantendu nau umetan bultzatu ninduten munduan jarraitzera. Bertsoaren bueltako lagun arteak, udalekuek, sariketa eta txapelketek, herriz herriko ibiliak, lana ere eman dit…

Martxan ziren bertso eskoletan sartu izan gara. Umetan Hernanin, ikasle garaian Bilbon… Hutsunea nabaritu eta taldeak sortzen ere saiatu izan gara haur eta gazteei bertsotan erakusteko asmoz. Beti norbaitek bertso eskolaren beharra sumatu, eta gero hasi ikasle bila.

Ilusio handia piztu zitzaidan alderantziz izan zenean. Esango nuke orain dela 3 urte izango zela. Añorgako gaztetxe bueltako lagun batzuk hurbildu zitzaizkigun bertsotan hasiko liratekela eta laguntza eske. Ostiral arratsaldetan elkartzen hasi ginen, guk gai batzuk eta eramaten genituen baina behin kantuan hasita azkar bilatzen zuten beren bidea. Guk bestelako konpromisorik bagenuen eta gure ostiral arratsaldeko maiztasuna urritu zen. Baina haiek berean segi zuten, deskubritu berri zuten harekin jolasean.

Lagun horietako batek pasa berri den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan eman zuen izena. Niri hala pasa izan zait beti, izan naizen bertso eskoletako dinamika erabat aldatzen du txapelketen etorrerak. Parte hartzaile izango denak kantatu etengabe, izango diren ariketak egin behin eta berriz eta gure bertsokera ustez puntutan eskertuko denera makurtzeko ahalegina. Baina ez zait iruditzen talde hartan hala izan zenik. Iritsi zen lehen faseko saio hura, denok ezagutzen dugu halakoetan izaten den tentsioa eta irristaren beldurra, eta ez zen gutxiago orduan. Baina atera zen gure lagun hau, eta ostiral arratsaldetan egiten zuen hartantxe hasi zen, 2-3 urte lehenago deskubritu zuen jolasarekin. Puntuazio altuegirik ez zuen eraman etxera, baina ederki eskertu zuen entzuleak bere jarrera. Hango hanka sartzeko beldurraren erdian hitzarekin jolasean. Ondo pasa genuen guk eta baita berak ere.

Inbidiaz begiratzen diet. Txapelketak beste egunek baino oihartzun handiagoa izan baldin bazuen ere, ez zitzaidan iruditu hango dinamikarik estali zuenik. Jendaurrean kantatzeko ere beren espazioak sortu dituzte, eta bestelako espazio bat hartu du bertsoak Añorgan. Hala aritzen dira, puntu, kopla, ofizio, eta bertso zahar. Bakoitza bere modura, baina denaren aurretik jolasean.

Jolasa