2023-12-01
Jarrera
Jarrera –
Zin egin diot neure buruari hau izanen dela txapelketaz publikoki aritzen naizen azken aldia. Baina bertsotan edo bertsoaz zerbait sortu behar nuela eta, txapelketak ia nahigabe hartu du zentralitatea niregan. Balio beza beraz zauria ixteko, dolua bukatzeko… edo bertzerik gabe, ahazteko eta garrantzia kentzeko.
Beti izan naiz borondate-indar eskasekoa; batez ere lehia tartean dagoenean. Badakit ez dela guztiz jarrera zuzena, baina saskibaloian aritzen nintzenean ez nintzen haserretzen aurkariarekin; mendira joatean pixka bat nekatu eta amore ematen dut; eta (nahiz eta hala nahi izan) ez naiz guztiz gai egun bat pasatzeko telefono mugikorra begiratu gabe.
Inertziaz apuntatu nintzen duela bi urte lehendabiziko aldiz Nafarroako Txapelketan. Ordu hartan bertsoeskolan genbiltzan gazte gehienen gisan probatzeko hautua egin nuen. Sariketa eta plaza zenbaitetan kantatua nintzen eta… zergatik ez? Erabakiak sarri gehiegi pentsatu gabe hartzen ditudala iruditzen zait, haizeak harat eta honat eramango banindu gisan. Eta tira; ez zen hain traumatikoa izan. Akaso ez zen hala izan haizearen joan-etorri horretan ibili nintzelako, ia oholtzan oinak pausatu gabe. Entrenamendu edo bertsoeskola berezirik egin gabe jarri nintzen jendaurrean, eta ez dakit zer kantatu nuen ere.
Bigarren honetan neure buruari helburu txikiak jartzea erabaki nuen. Behintzat prestatuko nuela, eta ez niola neure buruari presio edo espektatiba handirik ezarriko. Banuela zer kantatua eta zer errana, eta modu goxo batean plazaratu bertzerik ez nuela egin nahi. Nahiz eta oro har ez diodan bertsoari nahi dudan denbora guztia eskaintzen, ez dut meriturik gutxietsiko: bertsoaldi ugari kantatutako hilabeteak izan ziren udazken hasierakoak.
Alabaina, ilusioa ilusio hutsean gelditu daiteke maiz. Ez nago etsita, baina ez dizuet ukatuko, arantzatxo bat badaukat barrenean. Egin nahi nuen guzti hori egin ez izana, emozioak kudeatzen ikasi ez izana, neure burua final batean kantatzeko gai sentitu ez izana, edo hortzak estutzeko ahaleginik egin ez izana. Bertsotan eman nuen mailaz ez nago erabat harro eta badakit gehiago egin nezakeela, baina batez ere izandako jarrera da hurrengo baterako aldatu nahiko nukeena.
Txapelketa mierda bat da udazkena ailegatzen den aldiro aditzen dudan esaldia dela erranen nuke (aurten nik ere errepikatu izan dudana). Bertsoa ez dago 10 puntutan epaitzeko egina, eta faktore gehiegi sartzen dira jokoan hori egitea beharrezkoa bihurtzen denean. Gure sormenaren balorazioa bertze batzuen esku uzten dugunean ezer gutxi egin dezakegu guk jasotzen dugun emaitzarekin.
Beraz, neure buruari nahasteko baimena eskainiko diot azken lerro hauek idaztearekin batera. Ez da erraza baina sinetsiko dut Txapelketatik kanpo ere badaukadala zer egin bertsotan, eta azken hau erakuslehio bat den arren, ez duela guk geuk ematen dioguna baino garrantzia gehiago. Hemendik bi urtera berriz ere etorriko zaigu akaso, eta orduan ikusiko dugu nor garen eta zer egin dezakegun. Larunbat honetan Eneko, Joanes, Josu, Julio, Saats, Saioa, Sarai eta Xabat aditzen gozatuko dut. Eta zinez espero dut beraiek ere kantuan gozatzea. Bitartean, duela zenbait urte nire buruari jarri nion txapel honekin konformatuko naiz ni. Gora Nafar bertsogintza!
Jarrera Jarrera