2021-06-29
Jai-Aldiak
Jai-Aldiak –
San Juan bezperan hasten zen zirkuitua. Hainbat kategoria zituen: DBH bukatu berri zuten gazteena, unibertsitaterako hautaprobak eginda itxaronaldia luze egin zitzaien koadrilena, lantokian lanaldi jarraitua edo ordutegi murriztua estreinatu berri zutenena, erromeri taldeena, parrandarako beranduegi baina etxerako goizegi denerako hamburgesak saltzen dituzten furgonetena, barrakena, kale-garbitzaileena, kaleko saltzaileena … eta bertsolariona.
Bokataldia ere dei zekiokeen, saio-ostean zein aurretik zerbait azkar eta maiz esertzeko lekurik gabe jatea otordu izendatzen genuenekoa. San Juanetan hasi eta San Migelak arte, nekatzeraino edo ogi-mami proportzio eta kurruskaduran tesia osatzeraino dastatuko genituen han-hemengo ogitartekoak.
Kotxe-aldia bilakatzen zen gehiegitan, nomada, biziraupen kit bat osatzen ikasi genuen. Kotxean bada-ezpadako arropak eramaten ziren: saio batetik bestera etxetik pasa ezin bazen, kamiseta garbi bat gutxienez, nezeser bat, iluntzerako jertse edo txaketaren bat, sandaliak eta oinetako itxiak, gauean trumoia lehertuz gero. Hori hasieran. Ze amaieran, bada-ezpada kotxean sartu eta atera gabekoei gehitzen joaten zitzaizkien halako poteoko edalontzia, holako jaietako zapia, horko asanbladaren kamiseta, eta OTA tike mordo bat.
Exajeratua irudituko zaizu agian, nostalgikoa, eta ez zaizu arrazoirik falta. Zer arraio, falta dugunean nekea ere estimatzen dugu. Iaz ez-festako hainbat jaialdi egin ahal izan ziren, baina oso gutxi zegozkien datetan. Nik, zirkuitu hori Santuen zerrenda ikasteko beste egin ez nuenez, ez nion hainbeste antzeman etapa bakoitzeko hutsuneari. Aurten, agenda begiratuta, badirudi herri bakoitzeko festa zirkuitua hain festa izango ez bada ere, jaialdi askok eutsiko diotela.
Oraindik bultza eta tira egin beharko dugu bertso-poteoak eta bertso bazkari zein afariak berreskuratzeko, baina bada elkartzen eta elkarbanatzen hasteko pausu bat. Berreskuratu beharreko eskubide, plaza, aukera, korro eta giroen zerrenda gogoan, nik atzotik sartu dut kotxean kamiseta eta zapatila pare bat. Bagoaz, bagatoz. Jai-jai