Eneko Lazkoz
Eneko Lazkoz

2024-03-18

Jagoba Arrasate LOLOLOLO...

Generoa, lurraldetasuna, euskalkia… Ikuspuntu eta toki ezberdinetatik baina askotan aipatzen dira bertso munduan bazterra, ertza edo periferia bezalako hitzak. Eta erdigunean eroso dagoen hori nekez ohartzen da bazterrera, ertzera edo periferiara desplazatua eta azpiratua izan den horrek zer sufrimendu eta min mota senti ditzakeen.

Jagoba Arrasate –

Jagoba Arrasate
Arg: Osasuna

Azpiratuak berriz, nekez altxako du burua ez bada antolatuz eta borrokatuz ahaldundu delako. Erreferenteak sortuz eta aurrez ez zeukan tokietan ahotsa hartuz, adibidez. Baina ez nator bertso munduko ertz eta erdiguneez hitz egitera.

Nafar asko bezala Osasunazale amorratua naiz.  Eta nafar euskaldun eta abertzaleok ederki dakigu zer den Sadarren gutxietsiak eta baztertuak izatea. Duela urte gutxi arte zelaiko megafoniatik euskarazko esaldi bat entzutea amets bat zen. Azken urte hauetan euskarari tokitxo bat egiten ari diotela dirudi eta esango nuke Jagoba Arrasateren etorrerak izan duela zerikusirik. Jagoba futbol entrenatzaile bat baino gehiago da eta.

2018ko udaran iritsi zen Iruñera. Bolada gogor eta triste bat bizitzen ari zen talde batera. Ia desagertu ondoren erdi-kasualitatez lehen mailara igo, lehen mailan oso itxura kaxkarra eskaini ondoren berriz jaitsi, eta bigarren mailan joko eta emaitza txarrak izan zituen talde batera.

Hasieratik joko erasokor eta alai bat ezarri  eta triste xamar zegoen harmaila berpiztu zuen, sekulako denboraldia egin eta lehen mailara igotzea lortuz.

Nafar gizartearekiko eta euskararekiko konpromisoa eta errespetua ere hasieratik erakutsi zituen, aurretik Oier Sanjurjok eta beste batzuek egin bezala, eta urte hartan bertan klubak eta AEK-k sinatutako hitzarmen baten ondorioz jokalari batzuk euskara ikasten hasi ziren. Baten bat igoeraren ospakizunean euskaraz hitz batzuk esatera ausartu zen! Baina inork espero ez zuena, Jagobak egin zuena izan zen. Mikrofonoa hartu eta Iruñeko udaletxeko balkoitik zortziko txikian:

Ezin pasatzen utzi

holako aukera

momento zailenetan

ein dugu aurrera

txalotzekoa izan da

guztion jarrera

lehen mailakoak gara

zuekin batera

 

Eta zaleen erantzuna: Jagoba Arrasate lololololo…

“Osasunistei” ez zien beharbada grazia handirik egingo, nahiz eta momentuko euforiak dena estali. Baina osasunazaleongan eta nafar euskaltzale guztiongan orokorrean izugarrizko poza eta zirrara eragin zituen. Halako batean ordezkatzen gintuen ahots bat genuen historikoki isilaraziak izan garen eremu batean. Eta ez nolanahiko ahotsa, talde bat eta harmaila bat berpiztea lortu zuen entrenatzailea ez delako nornahi.

Ordutik ibilbide oparoa izan du Jagobak. Euskarari ahal duen neurrian bultzada emanez, bai bere lanean bai lanetik kanpo nafar gizarteko kide erreferentzial moduan ere.

Baita kirol arloan ere. Aurtengoa bostgarren denboraldia izango da partidu dexenteren faltan mailari eutsiko diona, Osasunak gutxitan izan ditu hainbeste urte lasai jarraian. Horri iazko urte berezia gehitu behar zaiolarik. Hona kopako finalera sailkatzea lortu zutenean Gaztelu enparantzan bota zuen bertsoa:

 

 

Asko sufritu dugu

San Mamesen hara

Hemendik guztiontzat

Nere besarkada

Ez gara errenditzen

Klasifikatu gara

Orain guztiok batera

Goazen Sevillara

 

Eta zaleen erantzuna: Jagoba Arrasate lololololo…

 

Eta hau Sadarren Europan jokatzeko txartela lortu ondoren:

Ze polita den hau dena

indarra eta kemena

gaur lortu dugu Sevillan ezin

izan genuena

daukat talde hoberena

afizio fidelena

eskudo hau defendauko dugu

Europan barrena

 

Eta zaleen erantzuna: Jagoba Arrasate lololololo…

Gauza jakina da euskarak erreferenteak behar dituela. Are gehiago hainbestetan erasotua den gure Nafarroa honetan. Jagobak hasieratik ulertu zuen hori eta bere posiziotik, gertutasunez eta apaltasunez, izugarrizko ekarpena egin duela uste dut.

Argi dut bai Osasunzale bezala bai nafar abertzale bezala izan dezakegun entrenatzailerik hoberena dugula.

Orain kontratua berritu ala ez zalantzan omen dabil. Badakit nik idatzitako honek (irakurtzera iristen bada) bere erabakian ez duela inongo eraginik izango. Joatea erabakitzen badu beste bat jarriko dute eta listo, baina kantatzen duen hurrengo bertsoa azken agurra ez bada nahiago. Euskal Herriko Selekzio Ofiziala entrenatzeko balitz, agian…

Jagoba Arrasate  Jagoba Arrasate