2017-03-02
#Izarrekin
#Izarrekin
Doinua: Abokatuak deitu berri dit
1.Herri honetan esnatzen gara
aldiro berri zaharrekin
amestea da gure kondena
hainbeste zoritxarrekin.
Itsasontzi bat egin daiteke
pago eta lizarrekin
masta altuan bela bat josi
espetxeko izarekin…
Bidea zein den erakusteko
daude mila izar; Ekin!
Euskal Herrira itzul gaitezen
Sara eta Izarrekin.
2.Batzuei jarri dietelako
amesteko debekua
non daude giza eskubideak,
non dago errespetua?
Haur gabe izan ote liteke
amatxo giltzapetua?
Kartzela izan ote daiteke
haurraren babeslekua?
Ama alabek sufritzen duten
mina ezin baretua…
Estatu batek indartutako
aita baten mendekua.
3.Nik ere izan nahi nuke izar
iheskorren ausardia
horizontean marraztuz bide
pausatu bezain garbia…
Zeru iluna behingoz bihurtu
dadin zeru oskarbia
sasizko bide aldapatsua,
amapola belardia…
Printza txikiak elkartuz egin
dezagun gure argia
aske izateko sortu baitziren
izarrak eta ilargia.