2022-04-13
Itsasoan
Itsasoan –
Gure etxeko leihotik,
iparra dabilenean,
gizakiak gaua uzten
badu isiltasunean,
Itsasoa entzuten da
olatuen jardunean,
korrontea nola doan
mendeetako lanean.
Ozeanoak indarra
baitu bere sakonean,
bertara hurbiltzen naiz ni,
ahal bada, zuzenean,
bizitzaren itsasoan
denboralea denean (bis).
Hamar urte nituela,
Amabirjinak aldera,
bi arrebekin joan nintzen
hondartzara bainatzera,
Korronteak hartu eta
ezin kanpora atera,
ura zihoan goraka,
nire gorputza behera.
Bi sorosleren besotan
atera nintzen aurrera,
hauxe da nire buruan
sarri sortzen den galdera,
aprobetxatzen al dudan
nire bigarren aukera (bis).
Ez nindu(e)n kokildu baina
zurrunbiloen indarrak,
olaturik baldin bazen
atera txanpero zaharrak.
Aletak jantziz oinetan
atzean utzi aparrak,
goitik behera, a zer txanpak,
zuzenak eta azkarrak.
Surfaren modak gerora
bete zituen baztarrak,
Hawaien asmatu zela
diote amerikarrak,
taula han sortu zen baina
ez ziren izan bakarrak (bis).
Arbaso zuzenak ditut
Aita Mari, Pako Rata,
liburuetan jasorik
ez dauden hainbat pirata.
Sare konpontzaile fina,
arrain saltzaile aparta,
Getariako portuan
“Sheriff”a zen gure aita.
Nahiz bizimoduak nauen
itsasertzetik aparta,
hura dut nire arnasa,
insomnioan, lo kanta,
kresalak suspertzen nau ni
eta ez dadila falta (bis).
Txalupa txiki bat badut,
ez nintzen asko nahasi,
Aitarekin txikitatik
nuen arrantzan ikasi.
Estresak harrapatzean
eroturik banaiz kasi,
leman ipintzen naiz eta
kanpora noa ihesi.
Galdera bada “ontzian
zergatik ibiltzen haiz hi?”
bertan zer egiten dudan
garbi nahi dut adierazi,
diru pixka bat gastatu
(e)ta bizitza irabazi (bis).
Berdin zait zein den aukera,
arrain txikia, berdela,
hondarrazpiko, txitxarro,
edo muxarra bestela.
Gustora prestatzen ditut,
aparejoa, kordela,
jakinda barratik kanpo
mundua zabaltzen dela.
Baga txikiak kulunkan
daramanean batela,
jakin ezazue guztiok
hortxe sentitzen naizela,
amak bere magalean
hartu banindu bezela (bis).