2022-06-10
Itsasoak dakarrena ala daramana?
Itsasoak dakarrena ala daramana? –
Doinua: ez nau izutzen negu hurbilak
Harkaitz zurrunen aurka petrala,
(e)ta ortzi-mugan lausoa,
ontzi oholen hilerri hotza,
marinelen frakasoa,
ibai urtsuen topalekua,
hodei grisen gurasoa,
ezpain artean gazia, baina,
oroimenean gozoa.
Nahiz urak ia osatzen duen
zure izate osoa,
urak daukan ta urak dakarren
hura zara, itsasoa.
Oroimenaren ordezkari lez
oholak uretan hegan.
Mundu berrira bide zaharrak,
itzultzekoak aukeran.
Mapak, altxorrak, itsaslamiak
le(he)ngo kondairen uberan.
Naufrago zimel egarrituak
ezin zure urik edan
marinel hilen sare hautsiak,
bihotz puskatuen eran…
gure baitako gauza ezkutu
ugari dago zuregan.
Zure patxada gezur hutsa da,
heriotzaren balada:
Sehaska laztan goxoetatik
olatu hazietara
jada lapurtu dituzu aski
itzulera-besarkada,
zuri so askok ikusteraino
joan zirenen islada:
haiek sentitu, taupaka entzun,
hotsa eta begirada…
Berdin jarraitzen duzu, ordea
Oraindik gose al zara?
Baina, agian, saiatzen zara
zure enbatak geratzen
eta urezko oldarra igual
eutsi ezinezkoa zen.
Akaso, haitzen, ilargiaren,
korronteen eta gatzen
preso zintzo bat baino ez zara
eta ez zaizu gustatzen.
Akaso, zu zeu zabiltza hilak
poltsikoetan bilatzen…
Agian negar egiten duzu
Eta ez zaizu sumatzen.
Baina, oroimin garratza utzi
eta, ene paradisu,
olatuekin bakardadea
ito didazu, jakizu.
Sehaska kanta leun bat ote,
egunsentiaren izu?
Ilargiaren ohe guria,
gaur berriro natorkizu.
Ilargi-arrain (e)ta itsas-izar,
ilunpeetan argitsu,
sarri askotan zeru beltzaren
ispilua dirudizu.
Baina, itsaso, eutsi ahalko
duzu gure kolpe jasa?
Moila, kai-mutur, sare (e)ta buia
hautsi dizugu konpasa.
Lehengo bitsak, petrolioz blai,
portuan a zer kiratsa!
Eta sabela beteko dizun
plastiko uholde basa…
begiak lauso dituzu eta
begirada ez-zehatza,
ez duzulako guri begira
eman nahi azken arnasa!