2019-05-03
Ispilua 2.0
Ispilua 2.0 –
Beste behin ere artikulu bat eskaini nion nire ispiluari, edo islatzen duen irudiari, bertan ikusten diren izaerari eta fisikoari. Kontua da neu ere aldatzen ari naizela, eta ispiluak bueltan dakarrena ere aldatu dela. Orain hilabete t´erdi edo Zilekora etorri zen Onintza, eta berarekin hitz egin ostean berriro ere jarri behar izan ditut gauzak balantzaren gainean. Eta hemen nago, balantzari begira nora joko duen ez dakidala, balantza benetakoa balitz legez, eta plantak egiten, erabakia nirea ez dela pentsatuz neure buruari gezurra esaten.
Balantzan daude erantzunik gabeko galdera transzendentalak, nondik natorren, nor naizen edo zelakoa nahi nukeen izan besteak beste. Nire bizitzan zoom out apur bat egin beharko nuke zerbait erantzun nahian, baina zoom in eginda nire benetako zalantzak eta beldurrak ikus daitezke. Nola sentitu izan naizen bertso eskolan hamar urte hauetan, zerk arduratzen nauen abesten dudanean, publikoak zer iritzi duen jakin nahi eta ezina, begira ditudan begiek ematen duten beldurra,…
Zoratu aurretik hobe fokoa norbere buruan eta ongizatean jartzea, beti besteen oniritziaren bila ibili beharrean. Gauzak horrela, erabaki dut esaten eta abesten dudana bezain beste maite dudala ispiluak bueltan dakarrena, ilea, azala, izterrak,… Onintzak ondo esan zuen bezala “Ariketa sinpleagoa zen ispiluaren aurrean jarri, eta ispiluaren beste aldean dagoen horri irribarre egitea, aldatu nahiko lizkiokeen gauzak ere onartzea, haren irribarrea poltsikoan gorde eta kalera elkarrekin ateratzea”. Eta berriro ikusi dut nire burua eskaparateetan, kotxeko leihatiletan, lagunen betaurrekoetan, ur putzuetan eta entzuleen begietan.
Ispilua ostera ere eskegi dut bere lekuan, horma zuri antzuak ez zidan gogoko isladarik itzultzen eta.