2024-04-18
Isiltzen ez den ahotsa
Atera daiteke ongi. Atera daiteke gaizki. Etor daiteke ideia. Geratu naiteke zuri.
Isiltzen ez den ahotsa –
Mundua engainatzen ari naiz. Nik ez dakit nola egiten den hau. Zortea izan nuen egun hartan. Txalo gutxi egin dizkidate bertso hori eta gero, txarra izan da. Txistea egin dut eta inork ez du barre egin. Aurpegi arraroz begiratzen didate. Hau esanda dago. Ez naiz asmatzen ari. Ez dakit nola izan pertsonaia hau. Hobeto beste norbaiti deitu izan baliote. Errimak falta zaizkit, badaezpada hamarreko handian. Kamiseta igotzen zait eta tripa gehiegi ikusten zait. Errima hau hiru aldiz erabili dut saioan zehar, ez al dakit besterik? Denek dakitena errepikatzen besterik ez naiz ari. Beti nire kideari egiten diote irri. Ez diot erantzun. Bigarren lerroko guztiak mugikorrarekin elkarrekin hitz egiten ari dira. Gaia berresaten ari naiz. Hemen soberan nago. Ezin dut ekarpenik egin. Ni gabe hobea litzateke saioa. Tonta naizela uste dute. Tonta naiz. Badaki ez dakidala. Badakite ez dakidala. Behin, birritan, engainatu ditzaket baina berez ez dakit. Zergatik nago hemen? Ez zait gustatzen hau egitea. Beste hankaluze bat, berdin du. Ez naiz entzuten ari. Ez naiz erantzuna pentsatzen ari. Bota edozer, total. Ez dut bertsotan egin nahi. Ez zait gustatzen. Erridikulua besterik ez dut egiten. Utzi hau dakitenei.
Ez sinetsi pentsatzen duzun guztia.