Enare Muniategi
Enare Muniategi

2021-05-05

Isilik berbetan

Isilik berbetan –

Sarri hitz egiten dugu kantatzen dugunaz, esaten dugunaz edo esan aurretik pentsatzen dugunaz. Baina, non geratzen da esaten ez duguna? 10/8an kabitu ezin dena? Kantatzen ez duguna?

Aspaldian entzundako esaldirik onena entzun nuen aurreko astean nire irakasle baten ahotik, “hitz egin daitekeenean soilik isildu gaitezke”. Eta nire bonbilak, “klink”, ezin isildu benetan berbarik egin ezin denean, ez gaude isilik, beste zeozer da, aparteko zeozer, baina isilik? Adibidez, umeak berba egiten ikasi aurretik ez du inork esaten “umetxoa isilik dago”, ez, beste zeozertan dago, baina, ez dago isilik. Ostera, lagunekin mahai inguruan gaudenean denok elkarrizketan eta bat isilik dagoenean, orduan bai, orduan isilik dago laguna, hitz egiteko aukera izanda ahorik ez zabaltzea erabaki duelako. Ez ala? Ez al du klink egin zuen bonbilak? Bueno, bada, nireak bai, eta hemen nabil egunotan isilik ez gaudenean zertan gauden definitu nahian. Baina aspaldian bonbila itzali ezinik nabil eta, arin etorri da beste klink bat, Berri Txarrakek abesten zuen “…eta isiltzen banaiz ez da hitzik ez dudalako…”. Non batzen dira isilik gaudenean eta hitz egiteko aukerarik ez dagoenean ditugun pentsamenduak? Noiz elkartzen dira esango genukeena eta esaten ez duguna? Non egiten dute topo isiltasunak eta bere antonimoak? Zaratak? Ideiak? Ahotsak? Noiz egiten dute talka gure barruko ahotsak eta kanporatzen dugunak?

Bederatzi puntutan, habanera baten, zortziko txikian zein prosan kabitu ahal eta ezin diren asko geratzen dira esan gabe, baina, isiltasunak ere berba egiten du.

Isilik berbetan

Isilik berbetan