Manex Agirre
Manex Agirre

2022-12-15

Irudikatze-ariketa

Irudikatze-ariketa –

Horrelakoxeak gara: Abenduaren 18an Navarra Arenan zer gertatuko den irudikatu nahian daramagu aste parea, Bilboko finalaurrekoan zortzikotea erabaki ondoren. Ekitaldi handien aurreko egoera animikoa da, ikusminak kontzientziari dakarkion jukutria. Oraindik ez dakigu non egongo garen eserita, baina ikusi egiten dugu gure burua eszenatokira begira, eserleku zehatz batetik. Oraindik ez dakigu zein bertsoaldik mugituko digun barrua, baina zehatz irudika dezakegu gure burua ondokoari irribarrez begira, “hara zer egin duen/duten” esanez.

Pribilejiatuak gu, pentsamendu horiek besterik ez ditugulako. Izan ere, igandean finalean egongo den jende multzo handi samar batek saihestu egin nahiko du, aste honetan zehar, une batean edo bestean, berezkoa dugun aurreikuspen grafikoak egiteko gaitasuna. Bertsozale Elkarteko langileek, esaterako, kontuan hartu beharreko auzi-gurdikadaren irudikatze abstraktua izango dute aurrean. Epaileek, agian, puntuak ematerako orduan izango dituzten balizko zalantza-uneen argazkiak ikusiko dituzte buru-lainotan, gutxien uste dutenean. Bertsolariek… bertsolariak beren buruen proiekzioaren eta ekitaldiaren osotasunaren errepresentazioaren artean ibiliko dira saltoka, asteburua gerturatu ahala.

Zortzikoteak badu beste lan bat, ordea: nahi gabeko irudikapenak hor daudela onartzeaz gain, aurreikuspen kontzienteak ere egin behar izan dituzte. Eta horrek ez du zertan norbere buruaren kontra joan. Mesedegarri (eta, are, beharrezko; ia ezinbesteko) dela iruditzen zait. Finalaren aurreko prentsari errepasoa eginez gero, deigarria da aurten protagonistek finalean egin nahi luketenaren adierazpenari eman zaion garrantzia. Kazetarien galdera errepikatuena izan da, eta erantzunetan ikusi dugu bertsolarientzat funtsezko gaia dela, final aurreko prestaketan, finalean egin nahi luketenaren gaineko deliberazioa. Titular-sortan garbi ikusten da. Alaia Martin: “Astintzen nauten gaiei buruz kantatu nahi dut. Horiei ihes egin baino gehiago, horiei leku bat egin eta heldu”. Sustrai Colina: “Saiatu nahiko nuke gosez ateratzen ofizio eta ariketa guztietan”. Beñat Gaztelumendi: “Espero ez nauten lekuan ere utzi nahiko nuke nire arrastoa”. Maialen Lujanbio: “Norbere momentuko izaeraren, ikuspegiaren eta ideologiarekin enfokatuago dagoen bertsokera bat egitea”. Aitor Mendiluze: “Erakutsi nahi ditut nire izaera, bertsokera, eta oholtzan eta taldean egoteko nire modua”. Amets Arzallus: “Uste dut bakoitzak baduela bere haria eta ahotsa, eta nik ez nituzke horiek galdu nahi”. Joanes Illarregi: “Neure burua jolaserako eta bertsotarako libre sentitu nahi dut, inora lotuta egon gabe”. Nerea Ibarzabal: “arriskatzera joan nahi dut, esan nahi ditudanak esan ahal izateko beste.”

Ausardia, askatasuna, izaera, norbere ahotsa, arriskuak hartzea, gosea. Ea ba. Nahi bakoitzak bertsozaleon aurre-irudikapenarekin bat egin dezake batzuetan; edo, noski, aurre-irudikapen horren kontra joango da. Biak ala biak etorriko zaizkigu ondo igandean. Gozatzera.

 

Irudikatze-ariketa

Irudikatze-ariketa