2022-01-14
Iritzia, bakarka...
Iritzia, bakarka… –
Julio Sotok, joan den irailaren 10ean, Naiz-eko Gaur8 agerkarian, Amagoia Mujika kazetariari erantzunez:
Oholtzatik kanpo deserosotasun hori dagoenez, susmoa dut oholtzan ere ez ote garen gai horri iskin egiten ari. Iruditzen zait alde egiten ari garela agian horretatik eta heldu beharko diogula uste dut, ez posizionatzeko, bertsolariak gertatzen ari denari kantatu behar diolako baizik.
(Bide batez, zeinen zaila den bertsolarien iritzia jasotzea, txapelketaren testuinguruaren barruan ez bada. Txalo mundu txiki honi jarraipena egiten dioten kazetariei, eta txalo testu hau argitaratzeko lekua atondu duen hedabideari ere)
“Txertoak ekarritako problematikari” egotzi zion bere garaian deserosotasun hori Juliok. Irailean deseroso bagenbiltzan, ea nola gabiltzan orain… Nik “txertoa” kendu eta “pandemia” edo “pandemiaren kudeaketa” jarriko nuke hor, baina ACHTUNG. Ez da honen asmoa upel horretako sagardoari tiraka aritzea, lizun usaina dakar eta.
Interesgarria da “bertsolariak gertatzen ari denari kantatu behar dio” hori. Posizionatu edo ez, gertatzen ari denari kantatzeak konplexutasuna eransten dio nahitaez bertsotarako gaiari. Zenbat gauza ari dira une honetan gertatzen? Eta, gertatzen ari den horrek, zenbat hari-mutur ditu? Ados, bi-hiru bertso bakarka botata ez duzu kantatzen ari zarenari buruzko analisi integral bat egingo. Baina betelana tesi bat defendatzen pasatzeak ez al dakar pobretze moduko bat?
Iritzi monolitikoa debaluatuta dago burtsa sozialean. Ideiagintza irmoan sinesten dut, etengabeko kuestionamendu-prozesuen ondoren badator. Ez al da horixe bera, gertatzen denari kantatzea?
(Epilogoa: goiko hori dena buruan zentrifugatzen neramala joan nintzen aurrekoan bertso eskolara, Arabako txapelketarako uste baino denbora gehixeago baina hala ere gehiegi ez dugula eta astero biltzen baikara orain, zintzo. Beti bezala, ahal nuena egin nuen bakarkakoa, presakako ideiagintza, erran nahi baita.)