Aratz Igarzabal
Aratz Igarzabal

2017-06-12

Iritsi da ekaina

Iritsi da ekaina –

Iritsi da ekainaIritsi da ekaina. Ikasleentzat urteko hilabeterik onena eta txarrena aldi berean. Ikasturtea bukatzen delako izan daiteke onena eta txarrena aldiz, bukaezinak diren azterketa, errekuperatze,ez-ohiko ,eta abarrengatik. Baina esango nuke onetik gehiago duela txarretik baino, hala hartu behar behintzat. 

Baserritarrak hasi dira belarrak egiten ganaduak neguan jateko zerbait eduki dezan. Lanketa hori da baserritarren errekuperatze garaia. Hor ere “suspentsoa” garesti ordaintzen da. Bestetik,  herri eta auzoetako festa garaia ere orain da, behin san joanak iritsi ezkero izaten da non eta zerekin gozatua. Horrelako lekuetan ahazten dira ikasle, baserritar eta gainontzekoak “suspentsoez”. 

Urte osoan izaten da bertso saioren bat bazterren batean. Baina udara bada bertsolariek lan gehien izaten duten garaia. Gu ere zerbait ibiltzen gara eta alde horretatik udara polita datorkigu itxura batera. Udako saioak  bereziagoak izaten dira beste urte sasoietakoekin konparatuta. Denok ere lasaiago eta umoretsuago egoten gara eta horrek nabarmen eragiten du saioan. Izango da saioren bat ondorena luzatu eta hurrengo egunean “suspentso” ederra izango duguna gorputzean. Baina hurrengoan berriro egingo dugu, gustatzen zaigun seinale! 

Baina, jakina denez udara ez da betirako. Iritsiko da iraila, bakoitza bere errealitatean sartzen hasiko da eta konturatzerako Olentzerori eskutitza idazteko garaia iritsiko zaigu… 

Baina aldez aurretik, udara on!!!

Iritsi da ekaina