Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2023-11-22

Irisgarritasuna, noren bizkar?

Irisgarritasuna, noren bizkar? –

Sekula plazaren irisgarritasuna aipatzen badugu, plazara heltzeko aukeraz ariko gara, ez aukera horri erantzuteko ahalmenaz. Badakigu lehena dela aurrebaldintza eta funtsezkoa da hori lantzea, nola ez. Bigarrena ere interesgarria da, ordea. Azkenean, plazarako deitzen bazaituzte, zerk egiten dizu posible dei horri erantzutea?

Lehen plazetara deitzen zaituztenean, bistakoa da erantzuna: kotxea edo eramango zaituen norbait. Nork ez du jaso gaztetxe batean kantatzeko deia, edo sariketa batean kantatzekoa, iluntzez edo bertso-afari formatuan, gidabaimena atera berri edo ateratzeke, askotan. Dela eremua edo dela ordutegia, oso gutxitan da baliagarri garraio publikoaren aukera. Bertso-eskolako lagunek edo gurasoek hartzen dute ardura hori normalean, bertso-kideak ezagutu eta elkarri laguntzeko modua izan arte. Badira salbuespenak, baina esan liteke plazaz plaza ibiltzeko baldintza dela une honetan kotxea. Salbuespenei erantzuteko sortu izan diren garraio eta zaintza sareak baloratzekoak dira: dela gidatu ezinik geratu garelako, kotxe gabe gaudelako… baina horixe dira, uneko arazoak konpondu bitarteko salbuespenak.

Nik, eraman eta ekarri nauten lagunak izan ditut, mesedeak eskatu ditut, ahal bezain laster gurasoei kotxea hartu izan diet (eta esatekoa da, gidabaimena eta horri zegozkionak eurek ordaindu zizkidatela). Depositua beteta hartu, peajeak txanpon zorrotik kitatu eta egarriz bueltatu izan diet kotxea. Esango nizueke dohan kantatzen nuen saioetan izan ohi zela, baina zerbait ordaindu didatenean ere ez dut gastu horien ardura asumitu; ez naiz kontziente izatera ere heldu.

Inoren eta ezeren ardurarik ez daukazunean eta besteen baliabideak zure beharretarako hartuz, plaza irisgarriagoa da. Plaza besteen beharrekin bateragarri egin behar baduzu, helezina bilakatuko zaizkizu saio mota asko, ordutegiz, eremuz, erritmoz.

Plazaz plazako martxa hartu nuen lehen urtea dut gogoan, non kotxea hartu, joan, egin, etorri, jan, dutxatu, joan, egin, etorri … horixe nuen egiteko ia bakar uda batez, eta udazkenera luzatu zen udaz, eta jarraitu zion neguz … eta martxo bueltako saioetan etxeko ardurez eta zaintzaz kantatzetik etxera goizaldera itzuli, oheratu, eta goizean dutxatik irtetean arropa garbia armairuan; lehen saiotik bigarrenerako geldialdian otordua hozkailuan berotu eta irensteko prest, eta berriz ere errepidera, amaren kotxea hartuta. Eta kontraesan gorpuztu bat, ardura banaketaz kantatzera joateko norbaitek hartua baitzuen ni zaintzeko ardura: duela urte askotik erantzi ez zuen pertsona berak, nire kasuan, ia naturalki (rol inposatu bat izatera hel daitekeen bezain natural).

Nik, bertsolari ibilbidea gure amaren bizkar egin dut, bere baliabideen eta batez ere bere denboraren bizkar. Nik asteburuan lau saio egiteko denbora, berak bere buruari kendu eta nire beharrei eskaini diena izan baita.

Antzeko sentitzen naiz gaur, haurren beharrak lehen lerroan jarrita sare oso bat behar baitut plazaren zati batera heltzen jarraitzeko (bestea helezin bilakatu da bolada batez). Eta pentsatzen dut, mendekotasuna duten pertsonen zaintzarekin (haurrak bezalaxe gaixoak edo adinekoak) txandaka baino ez dela bateragarria plaza. Eta bitartean, besteren denboraren eta ahaleginaren bizkar gabiltzala.

 

Irisgarritasuna, noren bizkar?
Arg: Karolina Grabowska
Irisgarritasuna, noren bizkar? Irisgarritasuna, noren bizkar?