2024-10-31
Iraultza
Iraultzaz zeozer badakigu gurean. Errotiko aldaketak, agintarien aurka egitea, boterea geureganatzea, ikuspegi berriak sortzea, aurrekoarekiko etenak sortzea, iraulketa… hori guztia kabitzen omen da Iraultzan, hiztegiaren arabera behintzat. Beraz bai; zeozer badakigu horri buruz.
Iraultza –
Ez naiz ezer berria erraten ari bertsolaritza iraultzailea dela diodanean. Mugimendu eraldatzaile bezain iraultzailea da geurea. Bertsotan ari garenean ardura batzuk ditugu diogunarekin eta egiten dugunarekin; ez norbanako gisa soilik, mugimendu moduan ere bai. Eragiteko espazio bat dugu gure baitan eta eraiki eta deseraikitzen ari gara kantuan ari garen bitartean. Iraultzen.
Ahalmen eraldatzaileak izan baditu beraz geure egiteko honek, baina aldi berean jardun moldeari erreparatuta erranen nuke bere horretan dela apurtzailea bertsogintza. Blog honetan bertan idatzi zuen orain egun batzuk Onintza Enbeitak bertze kultur adierazpenetan ez bezala guk hartu-eman zuzena izaten dugula entzuleekin. Gehituko nuke gainera, ikuskizun baten parametroetatik ateratzen den zerbait dela bertsoa. Hitza du oinarri, musikarik gabe gehienetan, bapatean… mila faktore daude ikuskizunaren iruditeria zabalduarekin bat egiten ez dutenak.
Orain asteburu batzuk hau berrestera eraman ninduen gertaturikoak. Bertso-eskola baten asteburu pasa zela eta, afalostea girotzera joan ginen bi lagun. Saioa egin genuen umeekin; haien erdiak gai-jartzen eta bertze erdiak kantuan gurekin. Hilabete inguru zeramaten bertso-eskolan ikasturtea hasi zenetik, eta horietako batzuk lehen aldiz aurten emana zuten izena bertan. Aldi berean, aterpetxe hartan bigarren arratsa zuten, beraz neke adina emozio pilatuta zituzten gu ailegatzerako.
Kontua da afalorduan kontu-kontari hasi eta berandu xamar hasi ginela kantuan. Bertsolariaren lana izaten da publikoaren hartu-eman horretan murgiltzea eta onartuko dizuet zalantza nuela ea saioa bukatzerako entzulego horren artean norbanakorik geldituko ote zen itzarrik. Lehendik ere kantatua nuen bertso-udalekuetan, eta entzulego zorrotza izaten da neurri batean, konektatzeko zaila batzuetan. Izugarrizko sorpresa hartu nuen. Gutxienez bi ordu eta erdi pasa zuten denek adi-adi guk zer kantatuko eta haiek nola erantzungo.
Zenbaitzuk ederki jakinen zituzten jada bertso bat egiterako orduan kontuan hartu behar diren faktore guzti horiek, bertso-eskolan irakasten dizkigutenak: silabak kontatzea, errima zuzena erabiltzea, ahal bada etenaldirik ez egitea abestu bitartean… Bertsotan ari ginenean haien ikaskide batek zein guk geuk horretan hanka sartu ezkero (batzuetan ebidenteki) berdin-berdin egiten zuten txalo. Animoak ere ematen zizkieten trabatzen ziren haien lagunei. Aupa Oihan! Ze ona Nora! Berdin zuen bertso-eskolan ikasitako egituren arabera bertso zuzena izan ala ez.
Saioa bukatu zenean horixe aipatu genuen begiraleon eta gure artean: iraultza egin dugu. Aterpetxe hartan gertaturikoa zerbait izan bazen hori izan zen; dozena bat ume inguru isil-isilik bi orduz, erne, bertzeak erraten zuena aditzen eta ulertzen, normatik at egindako zerbait izanagatik ere hura txalotzen, zaintzen. Afariak baino guzti horrek utzi zidan zapore ona gau hartan. Orain, pixka bat gehiago sinesten dut iraultzan.