2024-09-06
Iraileko sindromehea
Batzuentzat urtarrilean hasten da urtea; beste batzuentzat, irailean. Urtarrileko aldapa deitzen diote lehenari, iraileko sindromea omen dakar bigarrenak. Izango da biak bizi dituenik ere, baina normalean, aldaketa, etena edota haustura dakarren unean kokatuko genuke hasiera.
Iraileko sindromehea –
Kontua da, abuztu hondarrean behin eta berriz jartzen zaigula bertsotarako lanera itzuleraren gaia, edo sarri aipatzen dela opor amaiera, edo zenbait plazatan, sentitu ere egiten dela igande arratsaldeko ilunabar giroa.
Bertsolari bezala zaila da abuztuaren eta irailaren artean lan kargan ezberdintasun nabarmenik antzematen. Kontua da, ordea, inor gutxi dela bertsolari bakarrik, gaur egun. Beraz, bertso saioez gain bulego orduak edo bestelako lan orduak erantsi behar badizkiozu egutegiari, irailak gehiago izango du ekainaren antza. Haurrak badituzu, ekain amaieran bizi izan duzuna ekarriko dizu irailak, saio pilatuekin bateratu beharrez.
Abuztua bada bertso saioak beste patxada batekin bizitzeko parada, batzuetan. Etxeko ardurak gora-behera, “bertsotara bakarrik” zaudela sentitzeko zirrikitu modukoa. Irailak, ordea, tranpa ekarri ohi du, itzulera dirudien horrek oraindik herri askotako jaiak eta uda-giroko planak izaten baititu berekin. Urtarrileko aldapa irailean izaten dugula esan liteke. Iraileko aldapa deituko nioke, eta nire kasuan, urtarrileko lautada.
Bertsolari guztientzat ez da berdina izango egutegia, baina orokorrean, udazkenak elkarte gastronomiko, jatetxe edo antzoki zein aretoetara sartu ohi du plaza. Neguan berriz, sagardotegien irekierak profil bat mobilizatuko du, martxoak mobilizatuko duenaren ifrentzua, askotan.
Oporrik egin ez duenak ez du itzulera sindromerik izaten lanean. Eta bere lana gustuko duenak ez du aldapatzat biziko iraila, erritmoak arnas-estua eragin arren. Irailak dakarren sindromea arina izango da batik bat bertsolari den horrentzat. Udazkenak ekarri ohi duen beste sindrome baten lehen sintomak nabaritzen dira, hala ere, Gipuzkoan. Honek ere ekar ditzake aldaketa, eten edo hausturak. Ea zer hasten den ondoren.