2022-12-21
Insomnioa
Insomnioa –
Doinua: Behin batian Loiolan III
Zer ote da, adinak
duen endredoa?
Edo burukominen
ondorio eroa,
Nahizta gustuko izan
oheko beroa,
ezin lorikan egin
hau paraderoa (bis).
Goizeko seiterditan
goizero esnatu,
eta jaiegunetan
hortara bueltatu.
Eta nahi eta ere
ezin lorik hartu,
iratzargailu hori
nork deskonektatu? (bis).
Hogeita lau urtean
guardiak egina,
gauetan zortzi aldiz
esnatuz txirrina.
Hurrengo egunean
lo egin ezina,
garun eta soinean
zer nolako mina (bis).
Martxan badabilkizu
buruko errota,
alperrik joango zara
koltxoiaren kontra.
Bihotza geldiezin,
ideiak borborka,
nork kontrolatuko du
kirioen soka (bis).
Bestetan esnatzen naiz
berriz goizaldera,
kolpetik azalduaz
lehengo kontu bera.
Arazoan sartuta
gora eta behera,
berriro lehen eginik
hor noa lanera (bis).
Buruan badituzu
hamaika arazo,
“burukoari galde”
entzuna da oso.
Mezuak jasotzeko
motza naiz akaso,
baina sekula ez dut
erantzunik jaso (bis).
Pandemia garaian
mila gorabehera,
horiek denak buruan
sartzean ohera.
Begirik bildu gabe
berriro kalera,
argaltzeko metodo
txukuna ote da? (bis)
Zer dugu, zahartzeak
jartzen duen langa?
Edo estresagatik
barruko eztanda.
Bueltaka nabilela
dinbi eta danba,
bertsoak jartzen ditut
ohean etzanda (bis).