2020-10-03
Inprobisatzaileak
Inprobisatzaileak-
Erabaki garrantzitsuak aunitz pentsatu beharrekoak omen direla erran izan digute ttikitatik. Zenbat aldiz entzun izan ote dugun gauzak egin baino lehen ongi pentsatzeko, erabaki bakoitzak gerora izanen duen eragina neurtu behar dugulako. Modu horretan, buruari hainbertze eragiteagatik gauza gehiegi uzten ditugu alde batera, baita ondoren damutu ere hala (ez) egin izanagatik. Ausartak izan behar omen gara baina badaezpada egin behar duguna bi aldiz pentsatu eta ikaraz egitera ez ausartu.
Norberak bere buruari (soilik) begiratzeko joera handia dugu. Norberaren ego-a denaren gainetik jarri eta gure interesen arabera jokatu ohi dugu nahiz eta gero kolektibotasunaren izenean ahoa hitz haundiz bete. Zer da niretzat onena? Zer da guretzat onena? Nor naiz ni? Nor gara gu? Lehenik galdera horiek definitu behar genituzke baina hori irakurlearen esku utziko dut (norbaitek irakurriko ote du hau?).
Badakigu zein arotan bizi garen eta zenbat erabaki nork norentzat hartu dituen azken aldi honetan. Barkatu, azken aldian ez, beti erranen nuke. Bitartean, gu isilik eta norbere buruari begira, noski. Zalantzak ditut ebatzi duten guztia ttikitatik erakutsi diguten bezalakoa ote den, ordea. Zenbat ordutan hausnartu ote dute horren gainean?
Ikasleekin bertsotan aritzen garenean beti azpimarratu izan dut bertsoaren berezitasun nagusia inprobisatzea izan ohi dela, momentuan asmatzea. Are gehiago, inprobisatzailerik onenak bertsolariak direla sinetsita nengoen orain dela gutxi arte. Halaber, denborarekin ikasi dut inprobisatzailerik onenak nor diren eta zenbat eragiten diguten gure bizitza ideal honetan. Inoxentea ni. Segi dezagun hartutako erabaki guztiekin protestaka baina deus ere egin gabe bakoitza bere txokoan. Ea noizbait erabaki garrantzitsuren bat hartu eta ez garen damutzen, inoiz ez baita berandu.
Ezin atzendu: banu, balego eta balitz, alferrikako hiru hitz.