2020-07-22
Inaxi Etxaberi
INAXI ETXABERI-
INAXI ETXABERI
Doinua: Izar azpian zerua dago
Bertso jarriak, publikatuak,
edo josi ahala bota
halabeharrez egin zenuen
mila bidezidor mota
nik aurrez aurre entzun zintudan
Ilunben oholtzan igota
berandu jaso dugun ondare
honi lotuz gure soka
gure agurren kantu-premia
zuk emanetik dator ta
kolektiboan osatuko da
zure azken bertso sorta
Ardo bidetan libratzen ziren
orduko hitz-neurtu gudak
ta ez zintuen bertan onartzen
andre finaren figurak.
Baina bidea aurkitzen baitu
jario libreko urak
zirrikitu bat egin zenuen
tantaka zartatuz mugak
zure ahotsak zabaldu zigun
nahiz ez onetsi ohiturak
emakumeoi bertso mundua
ta bertsoari mundu bat
Zure burua altxatzearren
Basarriri parez pare
‘erantzun zion emakumea’
bihurtu zinen halare
bai baitzinen nor lehenago ere
ta hari erantzun gabe
desio dugu zure emana
bilakatzea ondare
izan zaitezen lehendik zor zaizun
miresmen txaloen jabe
bertsolaritzak oroituko du
nor zen Inaxi Etxabe