2017-04-05
Ilusio optiko bat
Ilusio optiko bat
Doinua: Ez da marineletan
1.Maiz geldirik dagoen
mundu garaikidean
bi urtero aldatzen
den efemeridean
malabaristak hegaka
doaz errepidean
bihotzak lurraren kontra
eta oinak airean.
Sentitu nahi dugunez
guztiok partaide han…
Etortzean badoanak
zer uzten du bidean?
2.Gure eguneroko
mundura etorrita
egoera neurtu ahal
dugu marra gorrika,
zapalkuntzen, urraketen,
historia orrika,
bidea ez zaio egin
erraza inorri ta…
Bi urtean behin pozez
mezuak igorrita
ilusio optiko bat
da niretzat KORRIKA.
3.Gaur eszeptizismoa
izan arren gertuko
betidanik izan dut
amestea gustuko:
Non ikasi nahi duenak
ez duen ordainduko,
elebakarrak ez diren
begira geldituko,
hizkuntza ez diguten
zonaka mugatuko…
pozik izango nintzake
egun horren lekuko.